Bideojoko sarituaren demake proiektua dela esan daiteke: eguzki sistema misteriotsua esploratuko dugu berriz. Mobius Digital taldeak titulua prestatzerakoan erabilitako p

Outer Wilds bikainaren prototipoa argitaratu du Mobius Digitalek bere webgunean. Hiru dimentsioko esplorazio abentura ezaguna testu formatura igarotzen du.

Bideojokoaren bosgarren urteurrena ospatzeko zabaldu dute prototipoa: “Aspaldi aipatu genuen testu bidezko abentura partekatzea dibertigarria izan daitekeela otu zait”, dio Alex Beachum Outer Wildsen sormen zuzendariak.

Demake proiektua dugu, modu batean; hau da, abentura originalean ikusitakoak agertuko zaizkigu, gutxi gorabehera, estetika zein mekanikak guztiz aldatuta.

Beachumek dioenez, prestatu zuten lehen amaiera dakar prototipoak. Hainbat planeta esplora ditzakegu, hauetan aurkitzen diren misterioak argituz, zundak bidaliz, eta gure datubasea osatuz. Denbora gure aurka dago, baina…

Ez da ezer berria; are gehiago, bideojokoan lan egiten zebiltzanean erabiltzen zuten programa da. Dirudienez, Mobiusera gehitzen ziren langile berriak demake honetan jokatuz ezagutzen eta ikasten zituzten Outer Wildsen kontzeptuak zein xehetasunak. Hori eginda, hiru dimentsioko bertsioaren garapenera bideratzen ziren.

Opari polita milaka bideojokozale maitemintzea lortu duen bideojoko ederrarentzat. Esan bezala, jokoaren webgune ofizialean aurkituko duzue, doan.

 

Joka ezazu Outer Wildsen euskaraz

Are politagoa da, dena den, originalean euskaraz jokatzeko aukera edukitzea: Eztainu zaleak Outer Wilds osorik itzuli zuen gure hizkuntzara 2022. urtean. Gaur egun ere lokalizazio lana hobetzen jarraitzen du, gainera.

Outer Wilds 2019ko maiatzean estreinatu zen PC eta Xbox One plataformetan. Hilabete batzuk beranduago PlayStation 4ra iritsi zen; ostean, PlayStation 5eko zein Xbox Series-eko bertsioak argitaratu zituzten; bukatzeko, 2023an Nintendo Switch kontsolara eraman zuten.