Aaron Keller zuzendari berriak bi orduko saio berezia izango dela aurreratu du. Garapena “erritmo onean” daramatela dio.
Overwatchen jarraipena galduta ibili da denbora luze batean, baina Blizzardekoek jokalariak lasaitu eta erabiltzaile berrien interesa piztu nahi dute aurkezpen berezi batekin. Aaron Keller zuzendariak jokoaren azken Developer Update bideoan iragarri duenez, maiatzaren 20an bi orduko emanaldia egingo dute 21:00etatik aurrera Overwatch 2ren garapen prozesuaren egoera azaltzeko.
“Oso gogor ari gara Overwatch 2n lanean eta hori zuekin partekatu nahi dugu, beraz PvP joko motaren aurrerapena eskainiko dugu bertan”, adierazi du Kellerrek. Bertan garatzaileen adierazpenak eta azalpenak ez ezik, frankiziaren jokalari profesionalen agerpenak ere ikusiko dituzte jarraitzaileek. Bi mapa berri ezagutzera emango dituzte gainera.
Erakutsiko duten guztia oraindik bukatu gabeko lana izango dela argitu nahi izan du zuzendariak, eta jokoa prest dutenean hobekutzak nabarmenak izango direla. Dena dela, bideo-jokoaren garapen prozesua “erritmo onean” aurreratzen doala aldarrikatu du arduradun nagusiak.
Kellerrek apirilean hartu zituen bere gain zuzendaritzako ardurak, jatorrizko jokoaren arduradun nagusia izan zen Jeff Kaplanek bere kargua utzi ostean.
BlizzCon 2019an iragarri zen Overwatch 2, eta ordutik hona garatzaileek berritasun gutxi eman dituztenez zaleak arduratuta egon dira jokoaren egoeragatik Kaplanen agurra ikusi ondoren. Jarraipen berezia izango da hau, joko originalaren espantsio modura funtzionatuko duela esan daiteke-eta.
Iruzkinak