Bost heroi berri jasoko ditu bihar abiatuko den denboraldi handian. Switch 2 bertsioa ere iragarri du Blizzard-ek.

Overwatch 2 heroi tiro jokoak aldaketa handiak iragarri ditu, izenetik hasita. ‘2’ hori alboratu, eta Overwatch modura ezagutuko dugu, beste behin, Blizzarden titulu ezaguna.

Erabakia jokoan inplementatuko dituzten aldaketa handiak islatzeko hartu dutela diote arduradunek. Bihar bertan hasiko duten fase berriarekin, Talon-en erreinaldia (The Reign of Talon) deitutako espantsioarekin: sei denboralditan banatuko dute.

Berritasun ugari ekarriko ditu: hamar heroi, hasteko. Lehen bostak bihar bertan jasoko dituzte jokalariek: Domina, Emre, Mizuki, Anran eta Jetpack Cat izango dira. Gainerakoak 2026a bukatu aurretik iritsiko omen dira.

Egungo heroiei dagokienez, azpirolak prestatu dituzte egileek: ohiko rol nagusien barruan —tankeak, erasotzaileak (DPS) edo laguntzaileak— banatutako rol zehatzagoak izango dira, jokalarientzako bakoitzaren indarguneak zein abileziak argiago adierazita.

Espantsioa zinematikekin, ekitaldi eta erronka bereziekin, komikiekin edo mapen eguneratzeekin elikatuko dute, denboraldi dinamikoak eratuta. Horretaz gain, Overwatch eta Talon taldeak elkarren aurka jarriko dituen Conquest izeneko meta jarduera bideratuko da: istorioan jazotakoen ondorioak mapetan islatuko dira.

Menuak zein interfazea eraberrituko dituzte, azkenik. Helburua nabigazioa txukuntzea eta bizkortzea da; gainera, heroien pantaila nagusi berria ere ikusiko dugu.

 

Markak hausten, eta bertsio berriekin

Iragarpenekin jokalarien begiradak erakartzea lortu dutela dirudi. Datu ofizialik izan ez arren, Steam plataformaren aldibereko jokalarien zifra publikoei begira jarriz gero, Valve-n plataformako marka hautsi du Overwatchek: une berean 75.361 erabiltzaile bildu ditu egunotan.

Bigarren denboraldia hasterakoan, gainera, Overwatch Switch 2an estreinatuko da; gaur egun Switch originalean joka badaiteke ere, hainbat hobekuntza —eta eduki— ikusiko ditugu egungo Nintendo-ren kontsolan.

Talon-en erreinaldia 2027an bukatzen denean, espantsio eta denboraldi berriekin jarraituko dutela agindu dute Blizzardekoek.