Joko originaleko heroiak batuko ditu. Probaldiak agindu dituzte, nahiz eta oraindik garapeneko lehen faseetan aurkitzen den.

Blizzardek gailu mugikorretarako Overwatch iragarri du. Ez da betiko jokoaren egokitzapena izango, ordea: MOBA estiloko bideojokoa prestatzeko dabiltza Overwatch Rushekin.

Bideo txikia eskaini dute: Tracer, Reindhart, Soldier 76, Pharah edo Mercy ezagunak ageri dira, besteak beste, ikuspegi isometrikoan guneak eta ukipen pantaila bidezko kontrolekin harrapatzen eta defendatzen. Ohiko abileziak eta joko motak mantendu, baina jokagarritasun berriari gehituko zaizkiola ikus daiteke.

Heroi tiro jokoen azpigenerotik aldendu, eta mugikorretan geroz eta indar gehiago hartzen dabiltzan Brawl Stars bezalako MOBA geldoagoetara hurreratzea da asmoa, edo hori dirudi behintzat. Diotenez, Overwatch originaletik kanpo dagoen talde berriaren lana da: ez du Blizzarden Team 4ek garatzen, beraz, hauek tiro jokoarekin lanean baitabiltza.

Oraindik garapenaren lehen faseetan aurkitzen direla azaldu dute arduradunek; hala ere, laster probaldiak abiatuko dituzte. Eskualdearen eta plataformaren araberakoak izango omen dira.

Overwatch frankizia biziberritzeko gogor dabiltza Blizzardekoak: orain aste batzuk Overwatch 2 berrizendatu eta edukiak zein berritasunak iragarri zituzten.