PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetako jokalariek elkarrekin jokatu ahalko dute Blizzarden heroien tiro jokora.
Bost urte behar izan dituzte gehitzeko, baina Blizzardek baieztatu egin du azkenean. Overwatch tiro joko arrakastatsuak plataforma arteko jokoa abiaraziko du datozen hilabeteetan.
Data zehaztu gabe utzi duten arren 2021ean ahalbidetzea espero da. Crossplay funtzioa plataforma guztietara hedatuko da: PCan, PS4an, Xbox Onean eta Switchean dabiltzan jokalariek elkarrekin eta elkarren kontra jokatzeko aukera edukiko dute.
Funtzioa Battle.net plataforma digitalaren eguneratzeari esker gehitu ahal izango dutela zehaztu dute Blizzardekoek Overwatchen blogean. Hori horrela, kontsoletako jokalariek Battle.net erabiltzailea sortu eta jokoan hortik sartzea baino ez dute izango. PCkoek ez dute ezer berezirik egin beharko gainerako jokalariekin aritzeko, dagoeneko plataforma honen bidez jokatzen baitute.
PCko jokalariek, gainera, ezingo dute desaktibatu plataforma arteko jokoa. Kontsolen kasuan erabakitzeko aukera egongo dela aurreratu dute Blizzardekoek; are gehiago, hasiera batetik menuan crossplaya aktibatu beharko dute. Jarraitu beharreko pauso guztiak zerrendatu dituzte blogeko sarreran.
Ezaugarri hau jarraipen partekatu gabe helduko dela adierazi dute, hori bai. Plataforma desberdinetan jokatzen aritzen direnak ezingo dituzte lortutako elementuak eta aurrerapenak plataforma batetik bestera eraman.
Plataforma arteko jokoa ezagutzera emateko helburuarekin, 2021. urtea bukatu baino lehen Overwatchera jokatzen duten guztiek urrezko loot kaxa eskuratuko dutela aurreratu dute arduradunek.
Iruzkinak