Anshar Studios kontsoletarako zein PCrako garatzen dabiltza. Infernuan kokatuko gaitu berriro ehundaka deabru akabatzeko.

Painkiller bueltan da. 2004. urtean abiatutako tiro jokoen saga mitikoak atal berria jasoko duela ezagutu dugu Future Games Show aurkezpenean: udazkenean merkaturatuko da.

Tiroak, biolentzia eta atal grafiko ikusgarria dakartza. Infernura bidaiatuko dugu beste behin; zehazki, purgatoriora. Izan ere, gure protagonistari erredentzioa eskaini zaio, baina, horretarako, deabruak hiltzeari ekin beharko dio. Zorionez, armategi ikaragarria dauka eskura lehen pertsonako shooter abenturari aurre egiteko.

Taket zein granada jaurtigailuak, eskopetak nahiz sagako ohiko tresnak eskuan hartuta ariko gara, bakarka zein lagunekin elkarlan kooperatiboan. Painkiller klasikoen jokagarritasuna hartzen duela argi dago, baina abiadurak Doom Eternal bezalako titulu modernoagoak gogorarazten ditu, jauziek eta bulkadek protagonismo handia hartuko baitute.

Berrabiatze honetan lau pertsonaia desberdinen artean hauta dezakegu. Berezko abileziak edukiko dituztela aurreratzen dute egileek; gainera, estatistikak hobetzeko aukera egongo da. Horri lotuta, tarot kartak aipatzen dituzte: gure ahalmenak hobetzeko balioko digute, eta gainerako jokalarien trebeziekin batera funtzionatuko omen dute.

Anshar Studios ezezaguna ari da garapenaz arduratzen Saber Interactive eta 3D Realms taldeen aterpean.

Tiro jokoen zaleek bai ala bai jarraitu beharreko lana da, itxura batean, Painkiller. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan jokatuko dugu, esan bezala, udazkenetik aurrera.