Gaur egungo jokuetan gehien entzuten ditugunak 60FPS, 1080p, 900p… izan ohi dira. Baina izan zen garai bat, non entzuten ziren terminoak beste batzuk ziren. Garai batean entzuten genituenak 50Hz, 60Hz, 576, 486, PAL, NTSC ziren.
Gaurkoan, retro kontsoletan genituen erresoluzio, abiadura, sistema etab azaltzen saiatuko naiz. Eta ondorioz PAL gunean bizi garenok sufritu behar izan genituenak ere.
Bidekontsolen belaunaldi askotan gertatzen den gaia izan arren azalpenak emateko, 90. hamarkadaren hasiera partean kokatuko naiz. 19 90. urtean, Europan, NES kontsola jaun eta jabe zen, baina, urte berean Sega-k MegaDrive argitaratu zuen, eta hurrengo belaunaldia hasi zen. Nintendo-k beste bi urte behar izan zituen Super Nintendo-a ateratzeko. Horrela guregana heldu zen kontsolen 4. belaunaldia.
PAL eta NTSC
Garai haietan, dakizuenez 2 telebista sistema nagusi zeuden munduan: PAL eta NTSC
NTSC sistema Japonia, eta AEB-etan erabiltzen zen. PAL ordea, Europa eta Australian.
NTSC (National Television System Comittee)
Sistema honetan, irudia irudikatzeko 525 linea erabiltzen dira, horietatik 486 linea dira ikusgarriak pantailan, hauek gurutzatuak dira (interlarced), hau da, irudia marrazteko, lehenengo línea bikoitiak marrazten ditu eta ondoren bakoitiak 60Hz-ko maiztasunarekin 30FPS lortuz, horrela, dardarrik gabeko irudia ikusten dugu.
PAL (Phase Alternating Line)
PAL sistema izatez NTSC sistemaren berrikuntza/hobekuntza bat da. Kasu honetan 625 linea erabiltzen dira, horietatik 576 linea dira ikusten direnak (hauek ere gurutzatuak dira). Erresoluzio/bereizmen handiagoa lortzen da, baina kontran, irudi eguneratze maiztasuna 50Hzkoa da eta 25FPS lortzen dira (nahikoak giza begiarentzat).
Bi sistemetan ikusten ez diren lineak sinkronismorako eta ezabatze tarterako erabiltzen dira.
Beraz, hau horrela izanik, pentsa dezakegu Europan pribilejiatuak ginela, printzipioz sistema hobea genuela ematen baitu. Baina kontsoletaz hitz egiten dugunean, gauza bat argi izan behar dugu, garai haietan jokoak Japonian, eta japoniarrak buruan egiten ziren. Eta hori gure gaitzerako izan zen.
PAL GALTZAILE
Bai Super Nintendo, baita Mega Drive-rako egiten ziren jokuak NTSC sistemarako optimizatuta egiten ziren, bideokontsolen bi merkatu handienek (Japonia eta AEB) sistema hau erabiltzen baitzuten. Lehen esan bezala, 486 linea eta 60Hz-ko eguneraketa maiztasunarekin ibiltzeko zeuden pentsatuta. Jokoak Europara heltzen zirenean gure kontsola/telebistak 576i et 50Hz funtzionatzen zuten. Ondorioz, bi arazo nagusi izan genituen:
- Irudia pantailan goitik eta behetik bi banda beltzekin agertzen zen. Hau normala da, 486 linea-rako progamatutako joko bat 576 lineako pantaila batetan ari ginen erakusten, beraz, sobran zeuden lineak beltzak izan ohi ziren.
SMAS 50Hz-tan SMAS 60Hz-tan
- Jokoak pentsatuta zeudena baino geldoago funtzionatzen zuten. 60Hz-tarako gertatutako joko bat 50Hz-ko telebista baten geneukan, ondorioz, jokoa %15 geldoago zebilen. Hau da, guk jokatu genituen joko ia denak, Japonia eta AEB-tan %15 azkarrago jokatzen zituzten. Kasu oso nabari bat MegaDrive-ko Sonic jokuarekin gertatzen da, ikusizazue abiadura ezberdintasuna:
Sonic The HedgeHog NTSC-60Hz eta PAL-50Hz konparaketa
Beste honetan SUper Mario Kart-ekin egindako konparaketa ikusi dezakegu. Argi eta garbi ikusten da diferentzia:
Super Mario Kart: 50Hz eta 60Hz arteko konparaketa
Hala ere, joko gutxi batzuk pentsatuta zeuden tamaina eta abiaduran jokatzeko aukera izan genuen. Asterix, eta Pottokien jokoak, Infogrames argitaletxe frantziarrak egin zituen. Bi joko hauek Europa mailan saldu ziren soilik, ondorioz PAL sistema buruan izanik programatu zituzten.
Ikusten duzuenez, PAL gunean bizi ginenok oro har, ez genituen inoiz jokoak egileek beraien buruan pentsatuta zuten bezala jokatu. Gure jokoekiko esperientzia ez zen NTSC gunekoena bezala izan. Gaur egun hala ere, badugu joko hauetaz pentsatuak izan ziren bezala gozatzeko aukera emulatzaileen bidez, edo kontsolak modifikatuz.
60HZ-en ESPERIENTZIA
EMULATZAILEAK ERABILIZ
Esan bezala, gaur egun, joko hauetaz pentsatuak izan ziren bezala gozatzeko modurik errazena emulatzaileak erabiltzea da. Hauek, ez dituzte orduko limitaziorik, eta gaur egungo ordenagailuetan erresoluzio eta maiztasun ezberdinak erabil ditzakete. Orokorrean, emulatzaileek aukeratutako jokoaren sistemaren arabera, modu horretan funtzionatzen dute. Hau da, PAL joku bat aukeratuz gero, 50Hz-an ipiniko da, ordea, NTSC jokuaz hartuz 60Hz-tan jarriko da. Hala ere, emulatzaileek nahi duguna egiten uzten dute, eta nahi iznez gero 60Hz-tan funtzionatzera derrigortu dezakegu jokua.
Super Nintendo-rako emulatzaileak: Zsnes (http://www.zsnes.com/), Snes9x (http://www.snes9x.com/)
MegaDrive-rako emulatzaileak: Kega Fusion (http://www.carpeludum.com/kega-fusion/)
KONTSOLA ORIJINALAK ERABILIZ
Beste aukera bat, kontsola orijinalak modifikatzea da. Super Nintendo-rako bi modifikazio daude, eta MegaDrive-rako beste bat.
Bi kasuetan, palanka bidezko mekanismo bat jar daiteke, erresistentzia eta pista batzuk soldatuz (kontsolak zabaldu, eta modifikatu behar dira). Palanka hauen posizioaren arabera, kontsola 50/60Hz-tan edota NTSC/PAL (herrialde blokeoa soilik) moduan jar daiteke. Ondorioz, jokoak bere osotasunean gozatzeaz gain, tokiko blokeoa dela eta erabili ezin genitzakeen jokuak ere funtzionatuko dute.
Palanka bidez NTSC/PAL edo 50/60Hz aukeratu dezakegu
Super Nintendo-aren kasuan, orain dela urte gutxi batzuk, barruan duen CIC tokiko blokeoa kontrolatzen duen txip-a simulatzea lortu zuten PIC mikrokontrolatzaile baten bidez. Maiztasuna eta tokiko blokeoa ekiitea lortu da. Ondorioz PIC bat programatu eta kable batzuk soldatuta 50/60Hz-ra dabilen multitokiko SuperNintendo bat izan dezakegu. Hau da, edozein joku onartuko du, eta duen sistemaren arabera, automatikoki 50/60Hz-tan ipiniko da (hala ere reset botoiaren bidez aldatu daiteke).
SuperCIC modifikazioa
Hurrengo bideo honetan SuperCIC-a darabilen Super Nintendo baten funtzionamendua ikus dezakezue (joko amerikarrak sartzeko modifikazioa ere badu):
SuperCIC-a funtzionatzen
AMAIERA
Lehen aldiz gai hauetaz irakurri nuenean niri ez zitzaidala inportako pentsatu nuen. Bizitza osoa PAL sistemara ohituta egonda, ez nuela ezer hoberik behar uste nuen. Benetan ezberdintasuna ikusi nuenerarte. Agian tamainaren gaia (goi eta behe banda beltzak) ez ditut hain garrantzitsu ikusten, baina bai abiadurarena. Behin 60Hz-tan jokatuz gero, 50Hz-tan jokatzera pasatzea kasu batzuetan desesperagarria izan daiteke.
Europa eta PAL gunea, bideokontsolen munduan beti ahaztuak izan dira, eta garai haietan ez zen gutxiagorako izan. Gaur egun ordea bideo sistemak estandarizatuagoak edo globalagoak izatea guretzat onuragarria izan da.
Iruzkinak (1)
Ander Intxaurrondo Nov. 14, 2014, 3:34 p.m.
Ta pentsatzea ere txikitan oso gustora bizi ginela hauekin... jajaja.