PC, PlayStation eta Xbox gailuetan jokatuko dugu, aurretiazko sarbidearekin egin bezala. Akatsak zuzenduko dituzte, behin betiko bertsioa txukuntzeko asmoz.
Palworld 1.0 bertsiorako prestatzen hasi da. Pocketpair estudio japoniarrak aditzera eman duenez, entzute handiko bideojokoak datorren urtean utziko du aurretiazko sarbidea.
2024ko urtarrilean ezagutu genuen Palworld, early access bertsioan estreinatu zenean. PCrako eta Xbox kontsoletarako argitaratu zen hasiera batean. Ez dira jaso duten gailu bakarrak izan: urte bereko irailean, PlayStation 5era iritsi zen.
“1.0 bertsioa mugarri garrantzitsua adieraztera dator”, diote egileek: “Eguneraketa erraldoia sortzen gabiltza aukeraz baliatzeko”. Tamalez, ez dituzte berritasunak ezagutzera eman, baina ardatzetako bat akatsen zuzenketa izango da talde independentearentzat. “Palworldek aurretiazko sarbidea atzean uzteko garbiketa lan ugari egiteke dago, eduki berriak gehitzetik haratago. Ez da inolako sekretua, Palworldek arazo eta berezitasun asko ditu, eta horiek zuzentzeko beharrezko denbora hartu gura dugu jokoa merkaturatu aurretik”.
Hori dela eta, garatzaileen aldetik “isiltasuna” itxaroteko eskatzen dute Pocketpairrekoek: “Jokoa hobetzeko denbora estra hartzen gabiltza”. Eguneraketekin eta eduki berriekin jarraitzeko asmoa daukate tartean, nola ez, eta hurrengoak “laster” erakutsiko dituzte.
Palworld 1.0 PC, PlayStation 5, Xbox Series eta Xbox One plataformetan argitaratuko da 2026an.
Nintendo-rekin eta The Pokémon Company-rekin borrokan
Palworld bukatzen dabiltza, baina Pokémonen aurkako borrokak ez dauka amaierarik Pocketpairrentzat. Orain urtebete Nintendok eta The Pokémon Companyk demanda aurkeztu zuten, Palworlden egileek “hainbat patente urratu” dituztela aldarrikatuz.
Plagio salaketekin aurrera eta atzera ibili dira azken hilabeteotan. Maiatzean, Pocketpairrek demandari erantzun zion, antzeko zenbait bideojokok Pokémonetan agertutako mekanika berberak erabili edo erabiltzen dituztela azpimarratuta. Orain, mod-en edo eraldatzeen arloan sartu dira: Nintendok ez ditu modak eta horietan agertutako mekanikak kontuan hartzen, pateentzat baliogabekoak direla esanez.
Denbora asko geratzen da Tokioko distritu auzitegian aurkeztutako demandaren ondorioak ezagutzeko, eta datozen hilabeteetan, batez ere Palworlden 1.0 bertsioa hurbiltzen doala, are berri gehiago izatea espero da.
Iruzkinak