PCan kaleratu da Steam eta Xbox plataformen bidez. Pocketpair taldearen jokoa Valve-n saltokiko titulurik jokatuena izan da.
Ziur azken egunetan Palworld hitza entzun edo irakurri duzula. Ez da harritzekoa, joan den astera arte ia guztiontzat ezezaguna zen bideojokoak markak hausteari ekin baitio. Pocketpair estudioak jakitera eman duenez, hiru egunetan saldutako lau milioi aleak gainditu ditu Pokémoneko piztiak ARKeko biziraupenarekin uztartzen dituen obrak.
Adi datuari: garatzaileek diotenez, orduko 86.000 joko saltzera iritsi dira azken egunotan.
Sarbide goiztiarrean estreinatu zen ostiralean; PCko bertsioa daukagu soilik, baina Steam eta Xbox plataformetan ikus dezakegu. Steamen, adibidez, titulurik jokatuena izan da asteburuan, aldibereko 1.291.967 jokalari edukita.
Horrez gain, PC Game Pass harpidetzaren bidez joka daitekeela nabarmendu beharra dago. Zergatik? Harpidedunek ez dutelako jokoa erosten. Hortaz, benetan askoz ere jokalari gehiago izango zituen Palworld fenomenoak. Horrenbeste, garatzaileak gauez esnatu eta zerbitzariak hobetzeko lanean jarri behar izan direla.
Esan bezala, Palworldek pokémonak eta biziraupen mekanikak elkartzen ditu, baita grafiko errealistak zein koloretsuak ere. Gure helburua baseak eraikitzea izango da, baina horretarako pal munstroak harrapatuko ditugu; izan ere, hauen laguntza ezinbestekoa da baliabideak biltzeko zein gure etxeak sortzeko.
Nahaste bitxia egiten du Pocketpairren lanak. Alde batetik, The Pokémon Company taldeak sortutakoen antzeko piztiak ikusiko ditugu —zaleak jadanik alderaketak egiten dabiltza, ia-ia kopiak izatera iristen direla salatuz—, euren abilezia, mota eta estatistika bereziekin.
Bestetik, suzko armak eraman ditzakete… bai, irakurtzen zabiltzana. Totoro auzokidearen eta Pikachu-ren arteko fusioa gatling metraileta erraldoiarekin ikusiko dugu, besteak beste, gure basea tiroka defendatzen.
Eromen honen atzean, baina, milaka jokalari harrapatu dituen mundu irekia dago. Online elementuek eta funtzioek ere horretan laguntzen dute: Steameko bertsioak 32 jokalarirentzako aukerak dauzka.
Zentzurik gabeko nahasketa dirudien arren, balorazio apartak jaso ditu Palworldek, nahiz eta sarbide goiztiarrean dagoen.
Estudio japoniarra ezezaguna izan da orain arte, aurretik kaleratutako jokoek ez baitute arrakasta handirik lortu. Craftopia edo AI: Art Impostor bezalako lanak argitaratu dituzte aurreko urteetan.
Begirada guztiak erakarrita, titulua fintzen eta handitzen jarraitzeko asmoa daukate egileek. Eguneraketak prestatzen jarraituko dute, mundua hedatuz eta pal gehiago gaineratuz, bestelako mekanikekin batera.
Iruzkinak