PUBG Studios taldea arduratuko da Pocketpair japoniarraren biziraupen eta pizti harrapatze bideojokoa moldatzeaz.

Palworld gailu mugikorretara bidean da. Krafton talde korearrak egin du iragarpena, Pocketpair indie estudio japoniarrarekin akordioa adostu ondoren.

PUBG Studios garatzailea izango da aurten PCan zein kontsoletan —duela egun batzuk iritsi zen PS5era— sekulako arrakasta lortu duen biziraupen eta pizti harrapatze abenturaren bertsio mugikorra prestatzeaz arduratuko dena.

Hala ere, hainbat zalantza daude oraindik: nagusia, bideojoko berbera izango ote da? Arduradunek diotenez, helburua “elementu original nagusiak ingurune mugikorrerako berrinterpretatzea eta inplementatzea” da. Adierazpenokin ezin dezakegu baieztatu plataforma nagusietan Pocketpairrek argitaratu duen jokoa egokituko ala antzeko elementuak biltzen dituen obra berria sortuko duten.

Akordioa orain itxi dutenez, Palworld mugikorretara heltzeko asko geratzen dela suposa dezakegu.

Pokémonen antz nabarmena daukaten munstroak mundu irekiarekin, baseen eraikuntzarekin zein kudeaketarekin, eta, bukatzeko, armekin batzen ditu Palworldek.

Urtarrilean PCan zein Xboxen estreinatu zenean, aldi berean bi milioi pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen Steam-en, mundu guztiaren begiradak erakarrita. Gaur egun jokalarien kopurua nabarmen jaitsi da, baina egunero 30.000 jokalari elkartzen dira jokoan.

 

Hedatzen, baina arriskuan

Pocketpair eta Krafton taldeen arteko hitzarmena une oso interesgarri bezain arriskutsuan dator; izan ere, duela bi aste Nintendo-ren eta The Pokémon Company-ren demanda jaso zuten Palworlden egileek, “patente urraketak” direla-eta.

Demandaren edukia ezezaguna da oraindik, baina Tokioko distritu auzitegiaren aurrean aurkeztu dutenez, epaia Japonian solik jazoko dela dirudi.