Hainbat mekanika alboratu edo ezabatu dituzte Pocketpair taldekoek. Nintendo-k eta The Pokémon Company-k patente urratzeengatik demandatu dituzte.

Palworlden munduak hainbat aldaketa jasan ditu, Pocketpair estudio japoniarrak baieztatu duenez. Aurretiazko sarbidean jarraitzen duen biziraupen eta ehiza abenturak oinarrizko mekanikak eraldatu behar izan ditu Pokémon auziaren ondorioz.

Nintendok eta The Pokémon Companyk demanda aurkeztu zuten iaz, Palworldek “hainbat patente urratu” dituela aldarrikatuz. Zehazki, hiru patente zirela ezagutu genuen beranduago, eta Pokémonen arduradunek bost milioi yen eskatzen dizkiotela indie estudioari.

Palworldek ikusitako lehen aldaketa pal piztiak harrapatzeko metodoan datza. Ordura arte, pal sphere izenekoak erabiltzen genituen jokoko munstroak ehizatzerakoan; hau da, pokéball esferen etxeko bertsioa. Joan den urteko azaroan argitaratutako 0.3.11 adabakiarekin ezabatu zituzten pal sphereak, eta garatzaileek are aldaketa txiki gehiago inplementatu zituztela adierazi dute.

Asteon estreinatutako 0.5.5 gaurkotzeak ere auziari lotutako berrikuntza gehiago dakartza. Planeatzearen funtzionamendua aldatu dute; hots, oraindik aurrera ezingo ditugu gure pal munstroak erabili mundutik zehar planeatzeko, eta, horien ordez, planeagailu arrunta edo generikoa azalduko zaigu.

Aldez aurretik, planeatzeko hautatzen genuen pal izakiaren arabera hobekuntza edo indartzaile desberdinak jasotzen genituen. Hauek mantendu egingo dira, baina orain taldean gordeta ditugun munstroen araberakoak izango dira abilezia pasiboak.

Palworldekoek aldatu beharrekoak txikikeriak direla argudia daitekeen bitartean, Pokémonen jabeek abiatutako jazarpenari balioa kentzen diotela ere esan dezakegu. Are gehiago, antzeko zenbait bideojokok mekanika berberak erabili edo erabiltzen dituzte: Pocketpairrekoek salatu dutenez, euren Craftopia tituluak ere esfera bidez piztiak harrapatzea ahalbidetzen du, baina ez dute inolako demandarik jaso.

Azken bideojokoaren arrakastak erakarri ditu Pokémonen arduradunak: Palworldek 25 milioi jokalari batu zituen kaleratu zen hilean, iazko urtarrilean, aldibereko bi milioi erabiltzaileen marka hautsita. Sekulako arrakasta lortuta, Nintendoren aurkari handienak akordioa adostu zuen Pocketpairrekoekin: PlayStation-ek bere PS5 kontsolan argitaratzea hitzartu zuen, modu horretara, sakelako munstroen frankizia erraldoiari aurre egiteko bidea aurkituta, azkenik.

Gailu mugikorretara ere iritsiko da Palworld. Krafton argitaletxe korearra arduratuko da Pocketpairren lana moldatzeaz.

Pokémon eta Palworld arteko auziak irekita jarraitzen du. Euren egoera eta posizioa mantentzeko hartu beharreko erabakiak eta aldaketak hartzeko prest daude Pocketpairrekoak.

Piztiak ehizatzea eta beraiekin dueluetan parte hartzea proposatzen digu Palworldek. Aldi berean, baseak eraikitzea zein kudeatzea, baliabideak biltzea eta tiroketetan aritzea ere ahalbidetzen du, hainbat genero uztartuz.

Iaz abiatutako aurretiazko sarbidea hobetzen eta osatzen dihardute. Martxoan kaleratutako 0.5 bertsioak joko gurutzatua (crossplay) pal izakiak trukatzeko Palbox sistema, armadurak, argazkilaritza modalitatea eta gehiago gehitu zizkion.