Tides of Terraria doako DLCak biomak, arrantza, misioak, arerioen baseak eta gehiago dakartza.

Palworld indie bideojokoa Terraria ezagunarekin elkartu da. 0.6.0 gaurkotzeak biziraupen sandbox abenturaren edukiak eta askoz gehiago gaineratu dizkio PocketPair taldearen tituluari.

Tides of Terraria izenpean, Terrarian girotutako ziega berezia esploratuko dugu. Bertan lortutako baliabideekin objektu bereziak sortzeko aukera egongo da: sei arma eta zazpi armadura mota aipatzen dituzte egileek.

2011ko obra arrakastatsutik ateratako buruzagiaren aurka ere egin beharko dugu. Moon Lord zitala garaitzeko lagunekin batzea izango da egokiena.

 

Edukiz gainezka

Espantsio esanguratsua da Palworlden azkena, eta Terrariako edukietatik at doazen berritasunak ikusiko ditugu. Mekanika berriak datoz: pal izaki berriak harrapatzeko arrantzan ibil gaitezke, eta kanaberarekin urazpiko baliabideak ere bilduko ditugu.

Irla mota berriak zeharkatuko dituzte jokalariek, gainera. Hiru dira: irla tropikalak, izozmendi irla zein urperatutako ontziaren irla aurkituko ditugu Palworlden. Misio sistema prestatu dute egileek; hortaz, irletako bizilagunei laguntzeko desafio eta enkargu desberdinak bete ditzakegu orain. Ezkutatutako altxorrak sakabanatuta daude, bukatzeko: altxorren mapen bidez aurkituko ditugu.

Mundua esploratzerakoan kontuz ibili beharko gara, arerioen baseekin topo egiteko aukera baitago 0.6.0 adabakitik aurrera. Jokalariek egin bezala, etsaiek gotorlekuak sortuko dituzte. Erasotu eta bertako ordainsariak lortuz gero, fakzio horri lotutako objektuak eskuratuko ditugu.

Palei lotutako hobekuntzak dira aipatu beharreko azken aldaketa handiak. Konfiantza edo adiskidetasun mekanikak inplementatu dira; gure palekin geroz eta denbora gehiago eman, adiskidetasun maila areagotuko dugu, eta piztien estatistikak hobetuko dira. Batera lo egiteko aukera daukagu orain, esaterako.

Eraikinak, armak, objektuak, armadurak eta dozenaka berritasun txiki gehitu dituztela ere esan beharra dago, baita hondar (arena) joko mota; ez hori bakarrik, oreka zein akats zuzenketa mordoa dakartza eguneratzeak. Steam-eko orrialdean argitaratutako zerrendan aurki daitezke eduki guztiak.

Palworld PCan, Xbox Series kontsoletan zein PlayStation 5 —azken honetan zerbitzari berezituak gehitu dituzte adabakiarekin— joka daiteke.