UnEpic eta UnMetal bikainen sortzailearen azken jokoa da: The Maze of Galious klasikoa omendu du oraingoan.
UnEpic Games taldeak Pampas & Selene: The Maze of Demons kaleratu du ordenagailuetan. Retro estetikadun metroidvania dugu, baina berezitasun txikiarekin: lagun batekin elkarlanean gaindi dezakegu.
Pampas eta Selene protagonistekin ariko gara gaztelu erraldoia esploratzen: bata zaldun ausarta dugu, eta, bestea, sorgin adimentsua. Bien botereak erabiliz etsaiak garaituko, plataformak gaindituko eta puzzleak argituko ditugu.
Bakarka joka dezakegu; edozein unetan bi protagonisten artean aldatuko dugu botoi bakarra sakatuta. Halere, interesgarria aipatutako multijokalaria da: lagun batekin online ibil gaitezke, bakoitzak heroi desberdina kontrolatuz. Elkarrekin edo bakoitza bere aldetik, gaztelua esploratzeari ekingo diogu; banatzen bagara, beste jokalaria jarraitu ahalko dugu bere abenturetan.
250 gela, hamar ziega eta 40 objektu aurkituko ditugu gure abenturetan, baina zortzi errunak bilatzea da helburu nagusia.
The Maze of Galious mitikoaren “jarraipen espirituala” dela dio Fran Tellez garatzaileak; are gehiago, jatorriz MSX2 mikroordenagailuetarako egindako retro jokoa dugu. Iaz kaleratu zuen sortzaileak, bertsio fisikoak zein digitalak prestatuz.
Steam plataformako bertsioan aipatutako online kooperatiboa gehitu du, baita skin bereziak edo speedrun aukerak ere. Proposamena interesgarria irudituz gero, jakin doako proba dagoela.
Iruzkinak