Pantailaldia bigarrenez antolatu du Pantailak Euskaraz mugimenduak. Gaurtik maiatzaren 14ra arte euskara ikus-entzunezkoetan biderkatzeko ariketak filmeak, telesailak, podcastak nahiz bestelakoak gure hizkuntzan gozatzea proposatzen digu, baita, nola ez, bideojokoak ere.
Euskarazko bideojokoen egoera nabarmen hobetu da 2022an ospatutako lehen Pantailalditik. Ordutik hona 50 titulu baino gehiago jaso ditugu euskaraz, guztira gure hizkuntzan joka daitezkeen 192 bideojoko edukitzera iristeraino.
Egutegia
- Gaur: Irlandako Kneecap filma, euskarazko azpidatziekin, Bilboko Kafe Antzokian (20:00).
- Bihar: Sakelakoa eta ordenagailua euskaraz konfiguratu.
- Maiatzak 8: Zernonikusi aplikazioa deskargatu, eta euskarazko eduki bat ikusi.
- Maiatzak 9: Argia Multimedia kanaleko dokumental bat ikusi.
- Maiatzak 10: Zinema areto batera joan, eta, euskarazko filmik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jarri.
- Maiatzak 11: Berria.eus-eko edo Ikasgelako bideo bat ikusi.
- Maiatzak 12: Game Erauntsiaren Twitch katean Naiz Irratiko irratsaioaren grabazioa zuzenean jarraitu (17:30).
- Maiatzak 13: Euskal Encodings web orrian eskaintzen duten euskarazko film batez gozatu.
- Maiatzak 14: Urak eginen du bide dokumentala ikusi: Kanalduden, 20:00etan, edo Hamaikan, 22:00etan.
- Maiatzak 15: Euskaraldian ere, pantailetan euskaraz bizi!
Eskura dauzkagun azken datuei begira jartzen bagara, Hego Euskal Herriko gazteen gehiengoak bideojokoetan jokatzen duela ikus dezakegu. Halaxe ageri da Ikusiker behategiak iaz argitaratutako Bigarren Hezkuntzako gazteen eta UPV/EHU eta UPNA/NUPeko ikasleen ikus-entzunezko eta IKTen kontsumoen inguruko inkestan: DBHko ikasleen % 80 aritzen da bideojokoetan; % 60, unibertsitateko ikasleen artean.
2022an UEMAk helarazi zigunagatik, berriz, hiru gaztetik bi bideojokoen ohiko erabiltzaileak dira herri euskaldunetan.
Datuokin argi geratzen da oraindik lan asko dagoela egiteko: euskal garatzaileei babesa eskaintzea ezinbestekoa da euren bideojokoak euskaraz argitaratzea bermatzeko, baina, ez hori bakarrik, euskaldunok zaletasun hau gure mintzairan jarrai eta parteka dezakegula konturatu beharra daukagu.
Game Erauntsia Elkarteak, hori dela-eta, bat egiten du Pantailaldiarekin. Euskarazko edukiak erabiltzeko, kontsumitzeko, edo sortzeko aurtengo erronkan egin nahi dugun ekarpena helduei zuzendutakoa da, nagusiki. Ohikoa da gurasoak eta hezitzaileak galduta sentitzea bideojokoen munduan pixkat barneratzerakoan: horregatik sortu dugu bideojokoen gurasoentzako gida, bideojokoei lotutako hainbat gako nabarmentzea eta ezagutaraztea bilatzen duen artikulu sorta.
Esan bezala, ikus-entzunezkoen euskaraz gozatzea da Pantailaldiak proposatzen diguna. Egun hauetarako agenda berezia eskaini digute Pantailak Euskarazkoek, hori errazteko helburuarekin: gaur, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian Kneecap telesail irlandar arrakastatsuaren emanaldia euskaraz azpititulatuta eskainita hasiko dute ekimena.
Hamarkada bat bideojokoak eta euskara uztartzen
2014. urtean eratu genuen euskal bideojokozaleen komunitatea, etengabe hazten ari den mundu fisiko zein birtual honetan euskararentzako tokia egin nahian.
Elkarretaratzeak, partidak, txapelketak, albisteak zein artikulu bereziak prestatuz hasi ginen, euskara topagune izanik, eta, taldea hasi ahala, bestelako proiektuei ekin genien: tailerrak, hitzaldiak, irratsaioa, Jokoteknia biltzarra, Euskal Game Jam topaketa zein euskarazko bideojokoen zerrenda antolatzen ditugu, besteak beste, gure bidelagunen laguntzari esker.
Hortaz, pantailetan euskara kokatu eta zabaldu gura baduzu, bideojokoen bidez egin dezakezu Pantailaldiaren egunetan!
Jarraian Pantailaldiaren bat egin duten eragileen zerrenda irakur dezakezue:
Eragileak eta baliabideak
- Zernonikusi.eus: Euskarazko askotariko edukien zerrenda biltzen duen plataforma zein aplikazioa.
- Euskal Encodings: Euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako edukien datu basea.
- Euskarazko streaming plataformak: Primeran, Makusi, Hamaikaren Nahieran zerbitzua eta Kanaldude.
- Multimedia baliabideak: Argia aldizkariaren multimedia kanala, BERRIAren bideoak eta podcastak, eta Ikusgelako bideo laburrak.
- Bideojokoak: Game Erauntsia.
- Euskarazko podcastak: Podcastak.eus zein EITBren Guau Gure Audioa plataforma.
Iruzkinak