Pantailen munduan euskarak dituen gabeziak azaleratu nahi dituzte. Pantailak Euskaraz taldeak agenda berezia prestatu du ekimenerako.

Pantailaldia bigarrenez antolatu du Pantailak Euskaraz egitasmoak. Maiatzaren 6tik 15era bitartean euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko aktibazio sozialerako ariketa egingo dute, aldi berean, parte hartzeko gonbita luzatuz.

Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! lelopean, “euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea” proposatzen du ekimenak, alde batetik; bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz “erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea” da Pantailaldiaren helburua.

Hamar egunez, hortaz, pantaila mota guztietan —telebistan, streaming plataformetan, zineman, sare-sozialetan, eta, noski, bideojokoetan— euskarazko edukiak erabiltzeko, kontsumitzeko, edo sortzeko erronka bota digute PEtik.

Horretarako proposamenez betetako agenda prestatu dute Pantailaldiaren baitan. Bilboko Kafe Antzokian abiatuko dute egitasmoa, maiatzaren 6an, 20:00etan, Kneecap telesail irlandar arrakastatsuaren emanaldiarekin: euskaraz azpititulatuta eskainiko dute Azpitituluak.eus ekimenaren laguntzari esker.

Maiatzaren 15era arte denetariko ekintzez gozatu ahalko da gure mintzairan: adibidez, maiatzaren 14an Urak eginen du bide dokumentala emango dute Kanalduden eta Hamaika TelebistanZernonikusi edo EuskalEncodings plataformen bidez ikus-entzunezkoak euskaraz ikustea ere proposatzen da. Berria taldeak, Argiak, Tinko Euskara Elkartea zein Zinea.eus eragileek ere hainbat ekintza prestatuko dituzte.

Bideojokoen aldetik, Game Erauntsiak maiatzaren 12an bat egingo du Pantailaldiarekin, Naiz Irratiaren irratsaioaren bitartez bideojokoei buruzko euskarazko txokoa eskainita: beti bezala, Twitch-en zuon zain egongo gara 17:30ean!

Hautatutako egunak ez dira ausazkoak; izan ere, Pantailaldia bukatu ondoren Euskaraldia abiatuko da, maiatzaren 15etik 25era, hain zuzen ere.

 

Parte hartu

Euskarari lotutako erakundeak eta elkarteak baino gehiago bilduko ditu, ordea, Pantailaldiak: nahi duenari parte hartzeko aukera eskaintzen diote. Edukiak euskaraz kontsumitu ondoren, bizipenak sare sozialetan #pantailaldia traola erabiliz partekatu beharko dira.

Izena emateko, PEtik prestatu duten atari berezira jo beharko da: maiatzaren 6ra arte zabalik egongo da epea. Parte hartu gura dutenek euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda jasoko dute.

Pantailaldiren lehen ekimena 2023an antolatu zuen PEk. 500 herritarrek parte hartu zuten. Ostean burututako galdetegiaren emaitzen arabera, horietatik % 77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituen. Are gehiago, % 64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela azpimarratzen dute antolatzaileek.