Marioren RPG abentura berria uztailaren 17an kaleratuko da.
Paper Marioren zaleek ezusteko galanta hartu dute. Nintendok ustekabean iragarri du Switchean argitaratuko duen Marioren RPG abenturen bideojoko berria. Paper Mario: The Origami King deituta, paperezko mundua origamiekin bateratuko du.
Informazio askorik eman gabe, trailerrean erakutsitakoarekin esploratzeko mundu zabala edukiko duela ikus daiteke. Origami erregea izango da abenturaren arerio nagusia; Peach printzesa origami bihurtu eta bere gaztelua bahitu egin du.
Erregearen origami armadari aurre egiteko Olivia izango du ondoan Mariok. Oliviaren botere magikoek abenturan aurre egiteko aukera emango diote iturginari.
Borrokak ere aldaketekin datoz. Akzioa eta puzzleak bateratutzen dituen eraztun sistema berritzailea izango du Origami Kingek. Etsaiak lerrokatu egin beharko dira ahalik eta eraso gogorrenak jaurti ahal izateko.
Ezusteko iragarpenarekin batera are argitaratze data harrigarriagoa eman du Nintendok. Paper Mario: The Origami King uztailaren 17an estreinatuko da kontsola hibridoan.
Iruzkinak