"Papers, please" jokoa Linux, Mac eta Windows, iPad eta PS Vitarako dago eskuragarri. Eta orain euskaraz ere bai.

Sei urteko gerra baten ondoren, Arstotzka zure aberri distopikoak bakeak egin ditu alboko herrialdearekin. Baina hiri bat bi herrialdeen arteko mugak zatitua gelditu da. Eta hain zuzen ere hiri horretan, mugako kontrolgunean, ikuskatzailea zara.

Arstotzkara sartu nahi duten migratzaileen dokumentuak aztertu, eta erabaki beharko duzu nor pasa daitekeen eta nor ez. Arauak zorrotz betetzen dituen langile zintzoa izango zara? Denei pasatzen uzten dien bihotz oneko tipoa, ala motiborik gabe sarrera ukatzen duen ikuskatzaile ankerra? Hori zure esku dago. Baina hartzen duzun erabaki bakoitzak bere ondorioa dauka, eta arau-hauste bakoitzak bere zigorra.

Kontrabandistak, espioiak, terroristak, diplomazialariak, dokumentuak eskuratzerik izan ez duten migratzaile umilak,... denak daude zure epaiaren zain. Aztertu dokumentuak, galdekatu bidaiariak, miatu, hartu hatz-markak, atxilotu beharrezkoa bada. Zeuk ikusi.

Joko honek berekin dakartzan dilema moralez gain, mimo handiz diseinaturiko dokumentu, pertsonaia eta istorioak ere aipagarriak dira.

Lehenago ere hitz egin da Game Erauntsian joko honi buruz: Paperak, mesedez.

Erosteko

Jokoa http://papersplea.se webgune ofizialetik bertatik eros daiteke, eta bertan daude beste hainbat dendatako estekak ere (Steam, GOG, Humble Store,...)

Euskaraz jartzeko

Deskargatu fitxategia (eu.zip), eta kokatu "Papers, please" jokoaren direktorio barruko "loc" karpetan.