Lucas Pope garatzaile independentearen bideojoko gogorra 2013an estreinatu zen ordenagailuetan. Euskaraz joka daiteke ofizialki.

Azken urteetako titulurik apartenetakoak bertsio berriak jasoko dituela iragarri du ustekabean Lucas Pope sortzaileak. Izan ere, bere Papers, Please saritua Android eta iOS gailuetan estreinatuko da: abuztuaren 5ean mugikorretan jokatu ahalko dugu.

Sare sozialen bidez jakinarazi du garatzaile independenteak. Ez du informazio askorik eman, dataren eta bertsio berriaren irudi pare bat alboratuta; hala ere, argazkiotan mugikorretarako moldatutako interfazea ikus dezakegu. Benetan garrantzitsua Arstotzka herrialde komunistara sartu nahi duten etorkinen eta bisitarien dokumentuak ikuskatzeko.

Hori izango da gure lana Papers, Pleasen: aipatutako herrialdeko mugako postuko langile baten rola hartuko dugu. Egun bakoitzean ezarritako arauei jaramon egin, gure lana ahalik eta modurik zuzenenean bete, eta gure familiarentzako beharrezko bizigaiak eskuratzeko dirua lortu eta kudeatu beharko dugu. Ez da horren erraza izango, baina: herrialdera legez kanpoko paperekin sartu nahi dutenez gain, Arstotzkako etorkizunari lotutako erabakiak hartu beharko ditugu.

Gogorra eta latza, baina interesgarria, berezia eta dibertigarria. Horiek dira Popen obra definitzeko erabil daitezkeen hitzetako batzuk. Jatorriz 2013. urtean kaleratu zen PC-rako; urte hartan jokorik onenaren sariak lortu zituen hainbat hedabideren eta erakunderen eskutik.

Ez hori bakarrik: Papers, Please ofizialki euskaratuta dago. Ibai Oihanguren zalea arduratu zen itzulpenaz: hau mod bidez argitaratu ostean, Lucas Popekin harremanetan jarri zen lokalizazioa bertsio ofizialera gehitzeko. Ez dago esan beharrik garatzaileak onartu egin zuela; modu horretara, aparteko ezer instalatu gabe goza dezakegu maisulan honetaz gure hizkuntzan.

Ikusteko dago ea gailu mugikorretako bertsioak euskaraz iritsiko diren. Esan bezala, Popek informazio gutxi eskaini du hauen inguruan; hala ere, ez dago aurkakoa pentsatzeko arrazoirik.

Abuztuaren 5ean merkaturatuko da Papers, Please Androiden eta iOSen.