IceSitruuna indie estudioak RPG mekanikak beldurrezko elementuekin biltzen dituen titulua prestatuko du. Datorren urtean kaleratuko da.
Parasite Mutant iragarri du IceSitruuna talde independenteak PlayStation 5 eta PC plataformetarako. Square Enix estudioaren Parasite Eve jokoak inspirazio iturritzat hartzen dituen titulu guztiz berria da.
Anime estetikarekin, etorkizun urrunean girotzen da Parasite Mutant. Nova izeneko agente psionikoaren rola jokatuko dugu: irla hiri batean kokatutako misioa biziko dugu berarekin, baina guztia pikutara joango da izaki beldurgarriekin topo egiterakoan.
Izan ere, Parasite Evek egin modura, RPG borrokak denbora errealeko elementuekin zein beldurezko ezaugarriekin elkartuko ditu Parasite Mutantek. ATC (Active Time Chains) deitutako borroka sistema aditzera eman dute garatzaileek: aspaldiko Active Time Battle sistemaren antzera, jokalariek hartu egin beharreko ekintzak erabaki beharko dituzte denbora geldi dagoen bitartean.
Gure erasoak planeatzen ditugula, beraz, arerioenak saihestu beharko ditugu. Boteretsuagoak izateko bidea ekipamenduaren aldetik dator: ekipamendu modularrarekin protagonistaren ezaugarriak eraldatuko ditugu, eta hauek are gehiago hobetzeko aukera daukagu plus puntu izeneko baliabideekin.
Estudioak Frontier Hunter: Erza’s Wheel of Fortune bezalako bideojokoak kaleratu ditu aldez aurretik, iritzi baikorrak lortuta jokalarien aldetik. Squarek Parasite Eve frankizia guztiz alboratu duenez —2023an 25 urte bete zituenean zerbait berria ikusteko itxaropen handiak zeuden, baina ez ziguten ezer eskaini—, oinordeko interesgarria izan daiteke IceSitruunarena.
Dena ondo badoa, Parasite Mutant 2026an estreinatuko da; esan bezala, PC eta PS5 gailuetarako prestatzen dabiltza.
Iruzkinak