Sega Saturn eta PlayStation 1 kontsoletako jokoen atal estetikoa zein jokagarritasuna bereganatuko ditu zirkuitu txiki bezain dinamikoetan norgehiagokak hasteko.

Parking Garage Rally Circuit dibertigarriak argitaratze data iragarri du: irailaren 20an kaleratuko du behin betiko bertsioa.

Jokoa ikusi bezain laster bere poligono urriko estetika zoragarriak harrapatuko du gure begirada: Walaber Entertainment estudioak adierazten duenez, Sega Saturn 32 bits-eko kontsola mitikoan argitaratutako jokoen atal grafikoa bereganatzen du. Nola ez, burura datorkigun lehena Sega Rally Championship mitikoa da.

PlayStation 1eko jokoetatik ikasten duela ere ikus daiteke, eta aipatutako bi kontsoletako arkade lasterketa jokoen kutsua dauka Parking Garage Rally Circuitek.

Izenak adierazten duen modura, aparkalekuetan ariko gara lasterketak lehiatzen. Kontrol puntuak zeharkatu beharko ditugu zirkuituan zehar, baina ibilbidea dinamikoa izango da; alabaina, bira bakoitzean aparkalekua pixkanaka eraldatzen joango da jazoera desberdinengatik. Steam Next Fest jaialdian probatu genuen demoan, adibidez, arroka erraldoiek zirkuitua erabat suntsitzen zuten, baina bestelakoak ere ikusiko ditugu.

Gidatzeari dagokionez, kontrol sinpleak eta errazak proposatuko zaizkigu, baina menperatzeko zailak. Derrapatzen ibiliko gara uneoro, zelan ez, baina sailkapen tauletan lehenengo geratzeko trebezia puntua eskatuko zaigu.

Izan ere, joko mota hibridoa aurkezten du bideojokoak: erlojupekoetan ariko bagara ere, gainerako jokalarien mamuak ikusiko ditugu. Baliagarria trikimailuak ikasteko zein lehia sustatzeko. Multijokalarian aritzeko aukera ere egongo da beste zazpi lagunekin, baina proposamen berbera dakar: ezingo dugu beste autoen aurka talka egin.

Ordenagailuetara helduko da Parking Garage Rally Circuit irailaren 20an.