Doako hack and slasharen beta datorren urtean hasiko dutela diote garatzaileek. Lehen atalarentzako edukiak argitaratzen jarraituko dute.

Path of Exile free to play arrakastatsuaren jarraipena 2019 bukaeran iragarri zuten Grinding Gear Gameseko arduradunek, baina ordutik hona zaleek ez dute jokoaren inguruko berririk jaso. Hori argitaratu berri dituzten bi trailerrekin aldatu da: Diablo bezalako sagak jarraitzen dituen Path of Exile 2k itxura ikusgarria dauka.

Lehenengo trailerrean istoriaren zertzelada batzuk azaldu eta jostagarritasun pixkat ikus daiteke zinematika batzuekin batera. PoE 2ren istorioa zazpi ataletan banatuko da: lehen jokoan ikusitakoa jarraituko duela aurreratu dute garatzaileek, bertan ikusitakoetatik 20 urte igarota.

Pertsonaia moten kopurua eta horiek eskura edukiko dituzten espezializazio mailen aldetik, hemeretzi mota desberdin batuko ditu bigarren jokoak. Ezaugarri eta abilezien sistema eraberrituko dute oraingoan abilezia gemekin. Ekipamendu berria ere aurkituko dute jokalariek: nola ez, loot sistemak benetan garrantzitsua izaten jarraituko du PoE 2n.

Bigarren trailerrak guzti horren berri emateko balio du 20 minutuko iraupenarekin. Bertan jostagarritasuna soilik bildu dute: abilezia eta ahalmenak azaldu, etsai nagusien aurkako borrokak erakutsi eta gehiago laburbildu dituzte xehetasunez betetako bideoan.

Path of Exile 2k lehenengo jokoaren oinarrizko ezaugarriak mantenduko ditu. Hau da, doako jokoa izango da. Argitaratze datarik gabe, datorren urtean hack and slash honen beta prest edukitzeko asmoa agertu dute Grinding Gearrekoek.

Ordura arte, baina, lehen abenturaren espantsioetan lan egiten jarraituko dute: hiruhilabetero eduki gehigarri berria kaleratuko dute PoErako.