Garapenak modu egokian jarraitzen duela dio Jonathan Rogers zuzendariak, baina lehen jokoko erabiltzaileen migrazioa bermatzeko pausoak eman nahi dituzte.
Grinding Gear Games Path of Exile II atzeratu du. Azaroaren 15ean estreinatu behar zen aurretiazko sarbidean, baina, azkenean abenduaren 6rako prest egongo dela jakinarazi dute egileek.
Jonathan Rogers zuzendariak eman ditu azalpenak bi minutuko bideoarekin. “Berri txarrekin” datorrela adierazita, “jokoa hiru astez berandutu behar izan dutela” dio; lasai egoteko eskatu du, dena den, “jokoa bide onetik baitoa”.
Horren ordez, geroratzearen zergatia zerbitzarien azpiegituraren ingurukoa dela azaldu du Rogersek. Zehazki, lehen jokoko erabiltzaileen migrazioa bermatzeko arazoekin topo egin dute, eta guztia konpondu zein txukundu gura dute sarbide goiztiarrarekin hasi aurretik.
Migrazioaren berezitasunen inguruan, originaleko jokalarien inbentarioa eta erosketak aipatzen ditu. “Mikroordainketa guztiek Path of Exile Ietik IIra aldatzerakoan funtzionatzea agindu genizuen”, dio zuzendariak, baina bidean “askotariko deabruak” aurkitu dituzte, ezaugarria oztopatuz. Halere, “kontuak apurtu gabe egotea zein ordaindutakoa galdu gabe geratzea” ziurtatu nahi dute berandutzearekin.
Sarbide goiztiarrarekin, bestalde, behin betiko bertsioa argitaratu aurreko azken oreka aldaketak egitea bilatzen dute Grinding Gearrekoek. Oraingoz egindako lanarekin harro agertu da taldeko zuzendaria, eta azaro bukaerarako lehen sarbidean aurkituko ditugunak ezagutzera emateko zuzenekoa iragarri du. Horri lotuta, joko bukaerako (endgame) ezaugarriak aipatzeko gogoz dabil Rogers.
PoE II 2019an iragarri zen. Bi urtez isilik egon ondoren, 2021ean bideoak zein jokoaren inguruko lehen zertzeladak eskaini zituen estudioak, baina, zelan ez, ordutik hona aldaketa handiak egon dira. Azkenik, hamabi pertsonaia mota desberdin ikusiko ditugula dirudi; horiekin zazpi ataletan banatutako 100 mapa baino gehiago zeharkatuko ditugu.
Kolpeka eta magiak erabilita gainditu beharko dira, noski: Diablo sagaren oinarriak bereganatzen dituen ARPG zirraragarria da Path of Exile, eta jarraipenean are abilezia, botere eta aukera gehiago ikusiko ditugula diote arduradunek.
Esan bezala, abenduaren 6an iritsiko da, azkenik, sarbide goiztiarra: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan abiatuko dituzte probak.
Iruzkinak