Etorkizunean Switcheko eta Xboxeko bertsioek ere crossplaya izango dutela diote Mediatonicekoek. Froga berriak dakartza eguneraketak.
Plataformen arteko jokoa gero eta lan gehiagotan ikusten ari dira jokalariak, baina halere asko eta asko dira oraindik ezaugarri hau gehitu gabe geratu direnak. Horien artean daude hainbat bideo-joko multijokalari ezagun: Fall Guys, adibidez, ezaugarri hau ahalbidetu gabe egon da pasa den abuztuan estreinatu zenetik. Orain, baina, Mediatonicek PC eta PS4 arteko jokoa gehitu dio minijokoen abentura dibertigarriari.
4.5 denboraldia hasteko eguneraketarekin ahalbidetu dute plataforma arteko jokoa. Partida orokorretan zein pertsonalizatutakoetan aritu ahal dira PC zein PlayStation 4ko jokalariak elkarrekin; hori horrela taldeetara beste plataformako adiskideak gehitzeko aukera falta da, baina etorkizunean gehituko dutela baieztatu dute garatzaileek.
Ez da denboraldi erdiko adabakiak dakarren berritasun bakarra: bi froga berri jaso ditu jokoak, The Slimescraper eta Button Bashers izenekin. Horrez gain dagoeneko jokoan zeuden hamabi frogak aniztasun handiagoa izango dute: 55 bariazio gehitu dituzte guztira froga horiei bizi berria emateko.
Partida pribatuak inoiz baino errazago antolatu daitezke orain Custom Lobbyekin. Bertara sartzeko kodea 60 jokalarirekin partekatu daiteke; ezaugarri hau plataforma arteko jokoarekin ere erabili daiteke, noski. Tranpak egiten ari diren jokalariak salatzeko aukera dago orain, eta latentzia hobetzeko aldaketak ere dakartza eguneraketa honek
Etorkizunera begira, Xbox One eta Switch kontsoletako bertsioetan lan egiten ari dira Mediatonicekoak. Printzipioz udarako iragarrita, horiek berandutu egin behar izan dituzte azken hilabeteetan garatu dituzten ezaugarri berri guztiak bertan egoteko.
Ezaugarri horien artean dago PC eta PS4ko bertsioek orain jasotako plataforma arteko jokoa: Fall Guys Microsoften eta Nintendoren kontsoletan kaleratzerakoan gainerako plataformetako adiskideekin jokatzeko aukera izango dute hauetako jokalariek.
Iruzkinak