Simulatzailearen “kalitatea hobetzeko eta akatsak zuzentzeko” hartutako erabakia dela diote taldeko egileek. Bideojokoa euskaraz kaleratuko dela agindu dute.

PC Futbol mitikoaren atal berriak geroratzea iragarri du. Bihar merkaturatu behar zen titulua bi aste beranduago kaleratuko da azkenik: maiatzaren 17an argitaratuko du Una Partida Más estudio espainiarrak.

Zergatia, sare sozialen bidez jakitera eman dutenez, futbol simulatzailearen eta kudeaketa jokoaren “kalitatea hobetzea eta akatsak zuzentzea” litzateke. Diotenez, jokoa babestu duten “1.500 babesleekin” harremanetan jarri dira egileak atzerapenaren berri emateko.

Berandutzeak haserrea eragin du, noski; are gehiago, X sare sozialean mezuari erantzuteko aukera blokeatu dutela ikusita. Zaleek zalantza asko dituzte proiektuaren zilegitasunaren inguruan: hainbatek iruzurra dela aldarrikatzen dute.

Izan ere, PC Futbol berriaren garapena arazoekin hasi zen iaz. Martxoan Una Partida Más taldeak PC Futbol 2024 izenarekin iragarri zuten proiektua. 2023 bukaeran argitaratuko zutela esan ondoren, jokoa erreserbatzeko aukera ahalbidetu zuten.

Bideojokoak denetariko kritikak jaso ondoren, garapena etetea erabaki zuen talde espainiarrak; hainbat hilabete beranduago PC Futbol 8 izenarekin berpiztu zuten proiektua.

Euskal bideojokozaleek ere baditugu bideojokoaren zain egoteko arrazoiak: euskaratuta iritsiko dela agindu digute egileek. Testuak ez ezik, euskal bikoizketa ere edukiko duela baieztatu dute, gainera. Honi buruz galdetu genien egileei. Azaldu zigutenez, “euskarazko bikoizketa jokoa kaleratu eta aste pare batera argitaratuko da”; noski, hori geroratzea iragarri aurretik adierazi zuten.

 

Sagaren oinarriak berreskuratuz

Hurrengo PC Futbolean futbol taldeak sortuko, antolatuko eta kudeatuko ditugu. Horrela, frankizia ezagunaren zutabeak mantendu nahi dituztela diote egileek, enpresaren kudeaketa, jokalarien zein merkatuaren gestioa eta kirol kudeaketa ardatzak izanik.

Esan bezala, PC Futbol 8ren kaleratze data berria maiatzaren 17a da. Egun horretan ikusiko dugu egileek agindutakoa egia den.