Epic Games Store saltokira iritsiko da lehenengo Square Enix-en JRPG maitatuaren jarraipena. PlayStation 4 eta Switch kontsoletan estreinatu da jada.

Errakuntzekin baieztatu dute Square Enixeko japoniarrek NEO: The World Ends With You abenturaren PCko argitaratze data. Enpresaren webgune ofizialean jarri ondoren, Epic Games Store saltokian bertan zabaldu dute bideo-jokoaren orrialdea: irailaren 28an merkaturatuko da JRPGa ordenagailuetarako.

Square Enixen aurreko joko batzuekin gertatu modura (Kingdom Hearts-en bildumarekin, esaterako) Epic Gamesekoen esklusiboa izango da PCan, aldi baterako behintzat. 2007an Nintendo DS-rako kaleratutako The World Ends With You abenturaren jarraipena da NEO; hiru dimentsioetara igarota, baina antzeko oinarriak mantenduta eratu dute bideo-jokoa.

Beste batez Tokioko Shibuya auzora bidaiatuko dute jokalariek Reapers’ Game hilgarrian parte hartzeko. Rindo protagonistarekin eta bere adiskideekin denbora errealeko borrokak biziko dituzte. Intsignien botereak erabiltzea izango da horietan garaile izateko bide bakarra.

NEO: The World Ends With You kontsoletarako estreinatu zen pasa den uztailaren 27an. PlayStation 4 eta Switch plataformetan egin zuen zehazki, prentsaren zein bideo-jokozaleen balorazio oso onak eskuratuta.