Microsoften harpidetza zerbitzuak abenduan jaso behar zuen Electronic Artsen jokoen bilduma.
PCko Xbox Game Passeko harpidedunek itxaron egin beharko dute EA Playko jokoak edukitzeko. Kontsoletako jokalariek pasa den azaroaren 10ean jaso zituzten Electronic Artsen zerbitzuko jokoak; PCkoek abenduan jasoko zituztela agindu zuten Microsoftekoek.
Hala ere, zerbitzuaren arduradunek atzera egin dute. Orain egun batzuk Xboxeko blogean argitaratutako artikulu batean pazientzia eskatu zuten EA Play datorren urtera berandutzeko erabakia hartu ondoren.
Zergatia zehaztu gabe, Electronic Artsekin eratutako akordioak aurrera egiten duela azaldu zuten bertan: “jendeari eta komunitateei bideojoko handiak ezagutzera emateko gure pasioa berbera du EAk, eta argi daukagu elkarrekin lan eginda gure erabiltzaileei esperientzia apartak eskaintzeko aukera izango genuela. Hori lortzeko Xbox Game Passaren esperientziari denbora gehiago eskaini behar diogu”.
2021eko lehen hilabeteetan azalpen gehiago ematea aurreikusten dute. Kontsolen kasuan Xbox Game Pass arruntarekin jokatu daiteke EA Playko jokotera; PCko kasuan Xbox Game Pass Ultimatera harpidetuta izatea derrigorrezkoa izango da.
Iruzkinak