Ekainean inplementatuko dituzte aldaketak: adikzioa eragin dezaketen elementuak edo kontrolik gabeko sareko komunikazioa kontuan hartuko dira.
PEGI adinkako sailkapenak aldaketak ikusiko ditu. Pan-European Game Information erakundeak mikroerosketak edo sari kutxak eskaintzen dituzten bideojokoen sailkapenak gogortzea bilatzen du, Eurogamer agerkariak aditzera eman duenez.
Ekainetik aurrera lau irizpide berri inplementatuko dira adinkako sailkapenaren sisteman. Aipatutako mikroerosketak zein sari kutxak begi zorrotzagoarekin jarraitzea bilatzen da, baina baita adikzioa eragin dezaketen bideojoko elementuak edo kontrolik gabeko sare bidezko komunikazioak nabarmendu ere.
Lehen kriterioa, beraz, joko barneko erosketena izango da. Dirk Bosmans PEGIko arduradun nagusiak azaldu duenagatik, epe zein kopuru mugatuan saltzen diren elementuak —adibidez, aldi baterako bataila eskaintzak edo paseak (battle pass)— eskaintzen dituzten bideojokoek zuzenean PEGI 12 sailkapena jasoko dute. Erakundearen arabera, halako ezaugarriek erabiltzaileak jokora itzultzera, erostera eta jokatzera eramaten dituzte.
Elementuok erabiltzen dituzten jokoek PEGI 7 kalifikazioa eskuratzeko aukera edukiko dute, dirudienez, lehenetsitako erosketa aukerak desaktibatzen badira: modu horretara, enpresek eta estudioek aukera hauek alboratzea sustatzea bilatzen da. Aukera hau oraingoz probatzen dabiltzala aipatzen du Bosmansek. NFTei lotutako bideojokoek zuzenean PEGI 18 sailkapena jasoko dute.
Bigarren irizpide berria ausazko ordainpeko objektuei edo eduki gehigarriei lotutakoa da. Edozein motatako sari kutxek PEGI 16 sailkapena ekarriko dute automatikoki, baina, kasuaren arabera, kalifikazioa are gogorragoa izan daiteke: esaterako, kasino estiloko tituluak PEGI 18 izango dira zuzenean.
Hirugarren kriterioa hitzorduka jokatzea eska dezaketen tituluei bideratutakoa da; hau da, eguneroko misioak edo erronkak proposatzen dituztenentzat. Adikzioa eragin dezakeen gamifikazio ezaugarria izanik, PEGI 7 sailkapena esleituko zaie egunero jokoan sartzea sustatzen duten obrei.
Egunero jokatzea eskatzen duten doako bataila paseak nabarmentzen ditu PEGIk: zehaztutako epean parte hartzeari utziz gero ordainsariak edo altxorrak ukatzen badira, PEGI 12 kalifikazioa jarriko zaio jokoari.
Bukatzeko, laugarren irizpidea arautu gabeko online komunitateak dituzten jokoenganakoa da. Erabiltzaileen artean kontrolik gabeko komunikazioa ahalbidetzen duten tituluek PEGI 18 kalifikazioa jasoko dute; hots, testu, ahots, bideo edo beste edozein txat mota mugatzeko aukerarik ez duten jokoek.
Data zehatzik gabe, ekainean inplementatuko dira aipatutako aldaketok. Dena den, kriterio berriek jokoetan eragina izan arte hilabete batzuk igaroko direla dio Bosmansek: abuztu amaieran, Gamescom azokaren egunen aldera, hasiko gara PEGI araudi berria jarraitzen duten kalifikazioak ikusten merkatuan.
EA Sports FC bezalako frankizia ezagunengan eragina izango dute berritasunek: Ultimate Team joko motako ausazko karta sorten sistema mantenduz gero, PEGI 16 sailkapena jasoko luke futbol jokoaren atal berriak, orain arteko PEGI 3arekin jarraitu beharrean.
Beste kasu batzuetan, Fornite-n, adibidez, PEGI 12 sailkapena mantenduko litzateke, baina aipatutako elementuetako batzuk nabarmenduko lirateke jokoek PEGI orrialdean daukaten deskribapenetan.
Game Erauntsian gurasoei eta hezitzaileei zuzendutako gida osatu genuen: bertan landutako gai nagusietako bat da, hain zuzen, PEGI edo bestelako adinkako sailkapenena.
Lander Unzueta
Iruzkinak