PlayStation kontsoletan merkaturatu dute adin guztiei zuzendutako plataforma eta puzzle bideojokoa.

Syzygy: The Power of the Eclipse koloretsua euskaraz joka daitekeen azken bideojokoa da. Ez hori bakarrik, ofizialki aurki dezakegu gure mintzairan. Izan ere, talde euskaldunak sortutako lana dugu: Pentagonal Studio bilbotarra arduratu da bai garapenaz, bai euskaraz argitaratzeaz.

Talde independente hasiberriaren lehen bideojokoa girotze bereziarekin dator: Koh Phi Phi irla thailandiarrean eta bere folklorean oinarritu dira titulua eratzerakoan. Itzel eta Itzenne kontrolatuko ditugu: heroien leinuko neba-arrebek antzinako gaizkiari aurre egin beharko diote.

Sizigia gertatzen denean, hau da, eguzkiaren, lurraren eta ilargiaren lerrokatzen direnean, botere maltzurra bere konfinamendutik askatuko da.

Edozein momentutan alda dezakegu bi heroien artean, bakoitzaren berezko abileziak eta ezaugarriak erabilita. Hiru dimentsioko plataforma eta puzzle abentura da Syzygy. Mundu zabalak esploratzen eta arerioak akatzen ariko gara: irlako paisaia ederrak zein tenplu madarikatuko barrenak zeharkatuko ditugu. Jauzika eta kolpeka ibiliko gara nagusiki, baina burua ere erabili beharko dugu aurrera egiteko.

Bidean biltzeko dozenaka elementu aurkituko ditugu; gainera, hainbat eta hainbat easter egg edo keinu agintzen dituzte bilbotarrek.

Adin guztiei zuzendutako obra eratu dute: atal estetiko alaiarekin eta itxurosoarekin, etxeko txikienek zein nagusiek gozatzeko moduko abentura. Pentagonalkoek 2020an abiatu zuten tituluaren garapena; ia lau urtez lanean eman ondoren, joan den astean argitaratu zuten.

PlayStation Talents ekimenaren aterpean garatutako bideojokoa izanik, oraingoz Sony-ren kontsoletan eskura dezakegu esklusiboki; alegia, PlayStation 4 zein PlayStation 5 gailuetan kaleratu dute Syzygy. PS Store saltoki digitalean eros daiteke.

 

PlayStationen ere, euskaraz

Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan bilduta dauden titulu gehienak ordenagailukoak badira ere, hainbat dira gure hizkuntza ofizialki joka daitezkeen PlayStationeko tituluak: azken hilabeteetan Rivalia: Dungeon Raiders, Nuclear Corps edo Sword of the Necromancer estreinau dira, besteak beste.

Horiek aurkitzea benetan erraza da gure tresnari esker: zerrendan sartu eta iragazkien artean PlayStation kontsolak hautatu beharko ditugu Sonyren kontsoletako jokoetara mugatzeko. Gauza bera egin daiteke, noski, ordenagailuko, Switch-eko zein Xbox-eko lanekin.