Rare-n Nintendo 64 kontsolako bideojokoaren baliabide guztiak hartuta bertsio berriak eratzea da helburu nagusia.

Dekonpilatze proiektuak pil-pilean dabiltza gaur egun. Super Mario 64-ren eta The Legend of Zelda: Ocarina of Time-n kasuak dira ezagunenak, zalantzarik gabe, baina bideojokozaleak beren jokorik kutunenak gaur egungo gailuetara eramateko lanean jarraitzen dute. Hori da Perfect Dark maitatuaren kasua: Ryan Dwyer garatzaileak Raren bideojokoa guztiz dekonpilatzea lortu du.

Dwyerren Gitlab orrialdean ikus daitekeenez, N64ko NTSC bertsioaren —Xbox-ek birmasterizazioa jaso zuen orain urte batzuk— dekonpilatze prozesua bukatzeko gutxi falta da: proiektuaren % 97,48 burutu du. Garatzaileak argi dio: ez dago % 100ean bukatuta, baina guztia eginda dago jada.

Zer da dekonpilatze proiektuek ahalbidetzen dutena? Jatorrizko bideojokoaren baliabide guztiak hartuta —kodea, modeloak, testurak, animazioak, musika…— titulua irakurri eta erabili ahal izatea. Hortik abiatuta, beste gailu batzuetarako bertsio eguneratuak egin ditzakete garatzaileek. PCko bertsioan pentsatzea da ohikoena, baina, adibidez, N64rako hobetutako porta, gaur egungo kontsoletarakoa zein gailu mugikorretarakoa presta daitezke.

Guzti horiek, noski, hobekuntzekin eta ezaugarri berriekin: bereizmen areagotuak, irudi tasa hobetuak —oso baliagarria Perfect Darkentzat, izozteengatik ezaguna—, online multijokalaria, modak… Behin dekonpilatuta, ez dago mugarik. Halaxe gertatu da Marioren eta Zeldaren jokoekin.

Nola ez, proiektua guztiz legala dela azpimarratu beharra dago. Dwyerrek argitaratuko duen dekonpilatze programak ez du jatorrizko jokoaren koderik hartuko; dekonpilazioa burutzeko, baina, Perfect Darken ROM fitxategi originala eskuratu beharko dute erabiltzaileek.

Hortaz, orain port desberdinen zain geratzea baino ez dute Raren tiro joko maitatu honen jarraitzaileek. Bitartean, dekonpilatze prozesua bukatzear dauden beste proiektuak ere jarrai daitezke: Banjo-Kazooie, The Legend of Zelda: Majora’s Mask edo Minish Cap dira, besteak beste, laster portak jasoko dituzten tituluak.

Perfect Darkekin jarraituta, titulu guztiz berria garatzen ari dira Xbox-ekoak The Initiative estudioarekin batera. Garapenean hainbat arazo dituzte, ordea: Dan Neuburger zuzendariak proiektua utzi zuen, adibidez. Oraindik ez dugu ikusi bideojokoari lotutako ia ezer, beraz argitalpena urrun geratzen dala suposatzekoa da.