Ordenagailuetarako port ez ofizialak kalitate handiko grafikoak, bereizmen maila hobeak, mod-entzako euskarria eta askoz gehiago eskaintzen ditu.

Urte askotako lanaren ondoren, bideojokozaleen komunitateak bideojokoetako maisulan handienetako baten porta egitea lortu du. The Legend of Zelda: Ocarina of Time da, zalantzarik gabe, azken urteetan “inoizko titulurik onenaren” izendapena behin eta berriz jaso duena, eta hori PCra eramateko lana burutu dute Harbour Masters taldeko kideek.

Hori Ship of Harkinian deitutako tresnarekin egin daiteke. Software honek OoT-ren Debug bertsioaren ROM fitxategia behar du funtzionatzeko; hau da, jatorrizko jokoaren bertsio zehatz hau eskuratzea norbere esku dagoen bitartean, komunitateak sortutako programa guztiz legala da, ez baitu Ocarina of Timeko baliabide originalik erabiltzen: modeloak, musika, testurak, animazioak eta bestelakoak ROM-etik hartzen ditu porta eratzeko.

Modu horretara, Super Mario 64-ren PCko portarekin gertatu bezala, Nintendo-koek ezingo dute mugimendu legalik egin sortzaileen aurka, ez baitute legerik urratu. Are gehiago, Harbour Mastersekoek Ocarina of Timen azken bertsio ofiziala Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzutik eskuratzeko deia egin dute.

The Legend of Zelda: Ocarina of Time dekonpilatzea lortu osteko emaitza da porta. Jatorrizko jokoa C kodera igaro ondoren, kode hori erabilita PCko bertsioa sortzeko lanari ekin zioten titulu ezagunaren jarraitzaileek.

Ship of Harkinian —Zelda CDI jokoetatik hartutako izena— proiektuaren Discord zerbitzarian argitaratu dute arduradunek. Programa jaitsita, porta sortzea benetan erraza da, beharrezko ROM fitxategia baduzu behintzat. Beren Github orrialdean are informazio gehiago aurki daiteke.

Ordenagailuetarako jokoak jatorrizko obra hobetzeko hainbat berritasun dakartza. Garatzaileek kalitate handiko grafikoak, bereizmen handiagoak, pantaila zabalentzako euskarria, giroskopio bidezko aginteak, teklatuarekin jokatzeko aukera zein modak sortzeko eta gehitzeko euskarria nabarmentzen dituzte.

Nola ez, behin PCrako bertsioa eginda, hainbat gailurentzat eta kontsolentzat bereziki sortutako portak ikusten hasiko gara: ez da harritzekoa izango Gamecube, Wii, PlayStation 2, Xbox 360 eta beste hainbat kontsoletan, baita Linux-en ere, OoT natiboki funtzionatzen ikustea, SM64-rekin egin bezala.

Ocarina of Timeko porta bukatuta, orain bere jarraipenarekin gauza bera egin nahi dute: Majora’s Mask-en kodea dekonpilatzen ari dira zaleak. Prozesuaren % 45 egin dute jada; hori lotuta, ordenagailuetarako bertsioa sortu ahalko dute.