JRPG abenturaren atal estetikoa zein mekanikak zaharberrituko dira. P3P bermasterizazioa kaleratu dute aurten.

Xbox Games Showcase aurkezpenak filtrazio txikia baina esanguratsua jasan du. Atlusen eta SEGA-ren tituluetako bat ezagutu dugu sarean zabaldutako bideoarekin: Persona 3ren berregitea, P3 Reload2024 hasieran kaleratuko dela baieztatzen da trailerrean.

Gaur egungo Persona abenturen oinarriak ezarri zituen titulua da hirugarrena. Lehenengoak eta bigarrenak —+ honen jarraipenak— Shin Megami Tensei sagaren spin-off interesgarriak eratzeko balio bazuten ere, harremanetan, ikasle bizitzan eta misterioetan sakondu zuen P3k.

Hori horrela, goitik behera eraberritutako atal grafikoa ikusiko dugu. Persona 5-en ikusitako estetika mantenduko, baina pixkat hobetuko dute: anime estetikarekin, Tatsumi herri bizian eta koloretsuan murgilduko gara.

JRPG mekanikak ere eguneratuko dituzte, baina bere oinarriak errespetatuz. SEES taldeko ikasleekin batera Tartarus beldurgarriko ziegetan ariko gara deabruen aurka egiten. Hauen lagun eginda gure persona espirituetan bilakatzeko aukera ere edukiko dugu, ondoren txandakako borroketan erabiltzeko.

Trailerrean ez da argi geratzen, baina suposatzekoa da oraingoan taldeko kide guztiak kontrolatzeko aukera edukiko dugula. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, The Answer eta P3P bertsioetako edukiekin; emakumezko protagonista eta bukaerako espantsioa berregitetik kanpo geratuko direla dirudi.

Egia esan, Atlusekoen aldetik erabaki bitxia dela esan beharra dago; izan ere, urte hasieran Persona 3 Portable bermasterizazioa kaleratu zuten hainbat plataformatan. Urte luzez eskatutako port-ak ez ditu zaleen desira guztiak bete, erdipurdiko bertsioa baita: PSP kontsola eramangarriko mekanikak hartzen ditu. Mugatutako porta da beraz, bere ezaugarri bereziak dituen arren.

Plataformak zehazki ezagutu gabe geratu gara, zoritxarrez: filtratutako bideoa Xbox Games Showcaseko trailerra denez, Xbox kontsolak eta PC-a aipatzen dira bakarrik. Are gehiago, Xbox Game Pass zerbitzuan egongo da lehen egunetik.

Hala eta guztiz ere, PlayStation zein Switch kontsoletan kaleratzea ere suposatzekoa da.

 

Persona 5 Tactica ere, aldez aurretik

Hirugarrenaren Reload bertsioarekin batera Persona sagako titulu berria filtratu da: Persona 5 Tactica. Izenagatik suposatzekoa den bezala, bosgarren abenturaren spin-off jokoaren aurrean gaude.

Phantom Thieves lapurren taldeko Joker, Skull, Panther, Morgana eta gainerako kideak Chibi estetikarekin itzuliko dira oraingoan. Mundu ezezagunean murgilduko dira, arerio zein istorio berriekin.

Jokagarritasunak aldaketa esanguratsuak edukiko ditu: txandakako borrokak mantendu, baina JRPG estilotik tactics generora pasako gara. Hau da, Final Fantasy Tactics edo Fire Emblem bezalako obrekin antzekotasun nabarmenak edukiko ditu P5T honek.

Urte bukaeran estreinatuko da Persona 5 Tactica; zehazki, azaroaren 17an iritsiko da. P3 Reloadedekin gertatu modura, filtratutako bideoa Xboxeko aurkezpenekoa izan da. Hori horrela, baieztatutako plataformak Xbox kontsolak zein PCa dira —hau ere Game Passean jokatu ahalko dugu—, baina beste kontsoletarako estreinatzea ere aurreikusten da.