PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan itzuliko gara Inaba herrira. Txandakako borroka zaharberrituak prestatzen dabiltza Atlus-etik.

Persona 4 Revival JRPG abentura Xbox Games Showcase-tik igaro da. Lehen jokagarritasun bideoarekin batera datorren urteko otsailaren 18an kaleratuko dela adierazi dute Atlus eta Sega arduradunek.

Plataformei begira jarrita, ordenagailuetarako zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako prestatzen dabiltzala berretsi dute egileek.

Orain urtebete iragarri zutenean garapena hasi baino ez zela egin bazirudien ere, trailer berriarekin jokoaren aurkezpen bikainaz gozatzeko aukera egon da. Inaba herri txikira bueltatuko gara gure protagonistarekin Yasogami institutuan ikasturte bakarra bizitzera. Eskolako bizitzarekin batera, baina, behelaino eta gauerdiko telebista kate misteriotsuei lotutako hilketak argitu beharko ditugu.

Telebisten barneko mundura sartuko gara horretarako. Unibertso alternatibo honetan itzalen aurkako txandakako borrokak biziko ditugu gure Persona espirituekin eta taldekideekin batera: Yosuke, Chie, Yukiko eta gainerakoak egongo dira gure alboan.

Atal grafikoa osorik eraberrituta dagoela ikus daiteke, Persona 3 Reloaded berregitean egindako lana are gehiago txukunduz. Mekanika modernoak ere ageri dira borroketako klip motzetan: txanda pasa egiteko Baton Pass mugimendua inplementatu dute laugarren jokoaren berregitean, esaterako, baina mugimendu berezi ikusgarriak ere.

Inabako biztanleekin harremanak sortuta, gure Persona eta abilezia desberdinak indartuko ditugu ikasturteak aurrera egin ahala. Horrela, nobela bisualen ohiko elementuak JRPG klasikoenekin uztartuko ditu berriz laugarren Persona jokoak. Berritasunak jakinarazteko Persona 4 Revival TV emanaldi berezia iragarri dute ekainaren 18rako.

 

30 milioi Persona

Shin Megami Tensei frankiziaren baitan eratu zen Personak azken urteotan lortutako arrakasta ukaezina da. Are gehiago, Atlusetik salmenta datuak utzi dituzte: nazioartean 30 milioi salmentak gainditu dituzte sagaren bideojoko desberdinekin. Persona 5 ezagunena bada ere, laugarrenarekin hasi ziren begirada guztiak erakartzen.

PlayStation 2ak 2008. urtean jaso zuen bideojokoa lehenengoz. 2012an, PlayStation Vita eramangarriak hedatutako Persona 4 Golden bertsioa ikusi zuen; horixe bera izan da duela urte batzuk plataforma modernoetan birmasterizatuta estreinatu zen titulua.

Otsailaren 18an argitaratuko da Persona 4 Revival.