Inaba herriko itzalei aurre egiteko borroka mekanika berriak aipatu dituzte Atlus-ekoek. Otsailaren 18an estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

Atlus eta Sega taldeek Persona 4 Revival Broadcast aurkezpena eskaini dute. 22 minutuko emanaldi bereziak JRPG maitatuaren berregitearen berritasunak ezagutarazi ditu.

Inaba herrira itzuliko gara, beste behin, 2008an PlayStation 2 kontsolan estreinatutako Persona 4ko jazoerak bizitzeko. P4 Revivalek, joko osoa berreginda, 2012. urteko Persona 4 Golden berredizioaren eduki guztiak gaineratzen ditu, baita bestelako berritasunak inplementatu ere.

Borrokei dagozkienak nabarmendu dituzte aurkezpenean. Esaterako, borrokak hasterakoan kontraeraso edo parry mekanika gehitu dute: gauerdiko telebista kateko itzalekin topo egiterakoan, euren erasoak geldiarazteko aukera dauka protagonistak, ondoren kontraerasotzeko edo ihes egiteko. Erasora joz gero, abantailarekin hasiko ditugu txandakako borrokak.

P4 originalean ikusi gabeko hiru mekanika nabarmendu dituzte japoniarrek. Gaitz aktiboak dituzten arerioak hegan jaurti ditzakegu orain, gainerako etsaiak kutsatuz; azken Persona tituluetan ikusitako Baton Pass mekanika laugarrenean agertuko da lehenengoz, txanda pasa egiteko aukerarekin erasoak indartuz; bukatzeko, Prime Time mugimendua borroketan kargatuta, kosturik gabeko eraso bereziak lortuko ditugu epe mugatuan, itzalak zapaltzea erraztuta.

Hauei guztiei zaharberritutako atal grafikoa, txukundutako lotura sozialak, egoera berriak eta gehiago gaineratuko zaizkie. Tamalez, itxura batean ziegek egitura berbera mantentzen jarraituko dute, Persona 5en ikusitako mundu konplexuagoak alboratuta.

Txandakako JRPG borrokak, harremanak, esplorazioa eta hilketak uztartuko ditu Persona 4 Revivalek. Datorren urteko otsailaren 18an iritsiko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetara.

 

Persona 6, uste baino hurbilago?

Duela egun batzuk Persona 6 ezagutu genuen ofizialki. Aurrerapen motzean Atlusekoek ez zuten datu askorik eskaini, tamalez, girotzea zein datu orokorrak aipatu gabe utzita.

Halere, azken egunotako zurrumurruek garapena nahiko aurreratuta daukatela adierazi dute, datorren urte bukaeran ikusteko aukerak daudela nabarmenduta. Horri lotuta, atzo Australiako adinkako sailkapenen txostenean agertu zen bideojokoa: orokorrean, halakoetan azaltzeko tituluaren eduki guztiak bukatuta egon beharko lirateke —bideojokoa oraindik osorik amaituta egon ez arren—.

Hortaz, aipatutako esamesek indarra hartu dute: egia badiote, Persona 4 Revival estreinatu ondoren Persona 6ren marketing kanpaina indar betean abiatuko dutela pentsa dezakegu.