Koei Tecmo eta Atlusen ARPG musou jokoa 2020 hasieran argitaratu zuten Japonian. Persona 5en jarraipen zuzena da.
Atlusen Youtubeko kanalean aurkitutako argitaratu gabeko bideo baten ikus daitekeenez, Persona 5 Strikers PC, PS4 eta Switch plataformetan kaleratuko dute 2021ean. Zehazki, otsailaren 23an jarriko da salgai.
Segaren jokoa Koei Tecmok garatu du oraingoan. Izan ere, musou erako spin-off bat da Strikers. Persona 5en jarraipen zuzena den arren, txandakako borrokak alde batera utzi eta akziozko bideojokoa da datorren urtean estreinatuko den joko hau, Hyrule Warriorsen antzera.
Hori bai, Personaren ohiko mekanikak edukiko ditu. Eguneroko bizitza aurrera eramatea izango da jokoaren ezaugarrietako bat, adiskideekin harremanak sendotuz. Pertsonaia ezagunak itzuliko dira jarraipenean, baina protagonista berriak ere ezagutuko dituzte jokalariek.
Lehen atala PCtik eta Switchetik kanpo geratu da, beraz ikusteko dago hori ere plataforma hauetan ikusteko aukera egongo den.
Japonian Persona 5 Scramble deitua, joan den uztailean herrialdetik kanpo kaleratzeko asmoak azaldu zituen Koei Tecmo garatzaileak.
Iruzkinak