Gacha erako bideojokoa 2024an estreinatu zen Asiako hainbat herrialdetan. Bihotzen mamu lapurren talde berriari jarraituko diogu.

Persona 5: The Phantom X nazioartean estreinatuko dute Atlus eta Sega enpresa japoniarrek. Ekainaren 26an iritsiko zaizkigu doako bideojokoaren PCko eta Android zein iOS gailu mugikorretako bertsioak.

The Phantom X iaz kaleratu zen sakelekoetan: Txinako, Taiwaneko edo Hego Koreako jokalariei mugatuta, hori bai. Nazioartera zabalduta, lehen aldiz iritsiko da guregana, baina baita, esaterako, Japoniara ere.

Persona 5 originalaren oinarriak hartzen dituen obra guztia berria da The Phantom X. Horrela, Tokioko ikasleen eguneroko bizitzan barneratuko gara, lagunekin geratuz, ogibide desberdinetan lan eginez, ikasten… Ez gara horretara mugatuko, noski: botere bereziak eskuratu ondoren, Bihotzen mamu lapurretan bilakatuko gara, metabertsoan barneratuz gaizkileei zein espirituei aurre egiteko.

Txandakako JRPG borrokak, bizitza simulagailua eta nobela bisuala da, beraz, jatorriz mugikorretarako P5 hau. Debalde eskaintzen badute ere, mikroerosketak nagusi ditu; izan ere, Genshin Impact bezalako gacha jokoen oinarriak hartuta, pertsonaiak zein bestelako edukiak eros ditzakegu gure lapurren taldea osatzeko.

Protagonista berriez gain, aurreko Persona jokoetako aurpegi ezagunak ere ikusiko ditugu; adibidez, Joker zein P3ko protagonista lor ditzakegu gacha mekaniken bidez.

Persona 5: The Phantom X ekainaren 26an kaleratuko da PC —Steam bidez—, Android zein iOS plataformetan.