Seigarrenak kaleratze datarik gabe jarraitzen du; laugarrenaren berregitea maiatzaren 20an kaleratuko du Atlus-ek.

Sega eta Atlus estudio japoniarrek Persona 6 eta Persona 4 Revival Switch 2 kontsolara iritsiko direla ezagutarazi dute.

Gaurko Nintendo Direct emanaldian erakutsitako bideoekin iragarri dituzte egungo Nintendo kontsolako bertsioak. Albisteak ez du inor harrituko, aurreko Persona jokoak ere Switch 2ra heldu baitira, eta Metaphor: ReFantazio azaroaren 12an estreinatzeko prestatzen baitabiltza.

Persona 6ren trailer berriak ezer erakutsi gabe utzi gaitu berriro, aurrerapen txikia baino ez da izan-eta: oraindik ez dakigu ezer JRPG abenturari buruz… ofizialki. Izan ere, bere istorioaz gozatu nahi dutenek adi ibili beharko dira, gaur bertan Steam plataformatik jokoaren lorpenak filtratu baitira, era guztietako datuak eskainita.

Persona 4 Revival, berriz, 2008. urtean PlayStation 2 kontsolan estreinatutako tituluaren berregitea izango da, aldez aurretik estreinatutako Persona 3 Reload-en bidea jarraituta. Txandakako borrokak, ikaskideen arteko harremanak eta Inaba herrixka ederra esploratzea ekarriko ditu, beste behin. Switch 2ko bertsioa maiatzaren 20an estreinatuko da; PC, PS5 eta Xbox Series plataformek otsailaren 18an jasoko dute.