Xbox-en aurkezpenean Microsoft-en kontsolatarako eta Windows ordenagailuetarako iragarri zituzten JRPG japoniarrak.

Nahiz eta bideojoko zaharrak izan, atzoko iragarpen handietako bat izan zen: Persona 5 Royal, Persona 4 Golden eta Persona 3 Portable egungo plataformetara eramateko lanean ari dira Atlus eta SEGA japoniarrak. Orain, are plataforma gehiago zehaztu dituzte: PlayStation 5 kontsolara eta Steam saltoki digitalera iritsiko direla jakitera eman dute.

Goazen atalka. PlayStation 5ak dagoeneko badauka P5R, beraz JRPG frankiziaren zaleek ez dute horren beharrik. P4G eta P3P dira PlayStationeko jokalariei interesatuko zaizkienak. Lehenengoa, PS Vita kontsola eramangarrirako 2012. urtean argitaratutako bertsio berezia da: hainbat berritasun gehitu zizkion PlayStation 2ko jatorrizko bideojokoari. Orain bi urte PCra iritsi zen bertsio eguneratuarekin.

Persona 3ren Portable bertsioa, berriz, 2009an PSP-rako argitaratu zuten: 3D inguruneak ezabatu zituzten benetako munduan, esplorazioa abentura grafikoetan ikusitako zerbaiten antzekoa eginez. Hala ere, emakumezko protagonista, borroketan aliatuak zuzenean kontrolatzeko aukera eta beste hainbat ezaugarri gehitu zituzten.

Bi hauek ez daukate argitaratze datarik egungo plataformetan: PlayStationeko, Xboxeko zein PCko jokalariek itxaron egin beharko dute oraindik.

Arestian esan bezala, P4G 2020an heldu zen ordenagailuetara. Atzoko iragarpenean P5R nahiz P3P iragarri zituzten PCrako, baina ezer zehaztu gabe: Windows-en logoa baino ez zen azaltzen bideoan. Xbox Game Pass-ean egongo direla adierazita, Windows Store bidez ere salduko dituztela suposa zitekeen. Hala ere, orain Steam saltoki bidez ere eskuratu ahalko direla ziurtatu dute.

Ikusteko dago, ordea, PS5eko eta Steameko bertsioak Xboxeko eta Windows Storeko tituluekin batera kaleratuko diren: ez zen harritzekoa izango Microsoftekoek aldi baterako esklusibotasunaren bat hitzartzea.

Argitaratze data jaso duen joko bakarra Persona 5 Royal da: urriaren 21ean iritsiko da Shin Megami Tensei jokoen spin-off ezagunaren azken atala Xboxera eta Windows Storera.