Abenturazaleek era guztietako oztopo eta tranpak gainditu beharko dituzte erlikia boteretsuak eskuratzeko.
Proposamen interesgarria aurkeztu dute Team WIBY eta Devolver Digitalek Phantom Abyss multijokalariarekin. Prozeduralki sortutako tenpluak esploratu eta erlikiak batzea izango da lehen pertsonan jokatuko den abentura honen ardatza, baina gatza eta piperra emateko hainbat ezaugarri berezi edukiko ditu.
Multijokalari masibo eta asinkronikoa izango da Phantom Abyss: tenplu batera sartzerakoan hildako jokalarien mamuak ikusiko dituzte jokalariek, Dark Soulsen antzeran. Beste jokalarien arrakasta zein akatsak ezagutzea oztopoz betetako gune hilgarriak gainditzeko lagungarria izango da tranpak saihesteko. Arduradunek zehaztu dutenez, 20 bat mamu agertuko dira partida bakoitzean, eta lehentasuna Steamen gehitutako lagunen izpirituek izango dute.
Indiana Jonesek bere filmeetan egin modura zigorra erabili beharko da jauzi arriskutsuenak gainditzeko; aukeratzeko desberdinak egongo dira, eta bakoitzak bedeinkazio zein madarikazio propioak edukiko ditu. Halere eztenak, mugitzen diren gelak eta munstroak ere izango dituzte tenpluek. Giltzak eskuratzea ezinbestekoa izango da erlikia eta altxorrak gordetzen dituzten kutxak zabaltzeko.
Leku madarikatu horietan gero eta gehiago sakonduta, bukaerara iristea lortu eta erliki nagusia eskuratuko dute abenturazaleek. Hori egiterakoan, baina, tenplua betirako itxiko da: prozeduralki sortutako guneak behin bakarrik gainditu ahalko dira, eta beraz jokalari bakarra izango da esploratzailerik onena.
Phantom Abyssek sarbide goiztiarra izango du ekainean; oraindik ez dute argitaratze eguna zehaztu. Momentuz PCrako soilik baieztatu dute garatzaileek, eta Steam bidez jokatu ahalko dira lehen partidak.
Iruzkinak