Antzinako Egipton hiriak eraiki eta hauek kudeatzera eramango ditu jokalariak: 1999. urteko Pharaoh-ren birmasterizazioa da.
90eko hamarkada bukaeran PC-an jokatzen zutenek ziur asko gogoratuko dute Pharaoh. Impressions Games estudioak Sierra Studios argitaletxearekin batera hiri egiptoarren kudeaketa jokoa sortu zuen, Will Wright-en SimCity ezagunen mekaniketatik abiatuta. Nostalgiaz betetako bertsio berria prestatzen dabiltza orain Triskell Interactive estudios frantsesa eta Dotemu indie argitaletxea; Pharaoh: A New Era deitua, jatorrizko jokoaren ezaugarri guztiak bilduko ditu atal grafikoa zaharberrituta.
Izan ere, Impressions Gamesen jokoaren birmasterizazioa izango da A New Era. Horrela izendatzen dute behintzat, benetan remake izena jartzea aproposagoa izango litzatekeen arren: kode propioa, sprite berriak, 4K bereizmena, interfaze eraberritua eta moldatutako mekanikak dira, besteak beste, bertsio berriaren arduradunek agindutakoak. Estetika aldetik, jatorrizko jokoaren bi dimentsioetako spriteak mantendu dira, kutsu berrituagoa emanda.
Antzinako Egiptoko hirien plangintza egin, eraiki eta hauek kudeatu beharko dira bideo-jokoan. Horrela, biztanleriaren osasuna, kultura, hezkuntza, nekazaritza, merkataritza eta beste hainbat faktore zaindu eta hobetzea ezinbestekoa izango da. Monumentu erraldoiak sortu ahalko dituzte jokalariek hiriak edertzeko zein bestelako onurak lortzeko, baina krisi ekonomiko zein politikoei aurre egiteko prest egon beharko dira baita ere.
Pharaoh originalaren eduki gehigarri guztiekin sartuko dira aro berrian. 2000. urtean kaleratutako Cleopatra: Queen of the Nile espantsioarekin 53 misio berri, map osoa, misioen editorea eta libreki eraikitzeko modua gehituko dituzte.
Pharaoh: A New Erak ez dauka argitaratze datarik oraindik; hori bai, PCrako merkaturatuko dutela agindu dute arduradunek. Dagoeneko Steam bidez desiratuen zerrendara gehitzeko aukera dago.
Iruzkinak