1999ko jokoaren ezaugarri guztiak bilduko ditu, atal grafikoa eraberrituz. Antzinako Egiptoko hiriak kudeatu beharko ditugu.
Triskell Interactivek eta Tokiko Studiok azkenik iragarri dute Pharaoh: A New Era itxurosoaren argitaratze data: Pharaoh klasikoaren remake-a otsailaren 15ean estreinatuko da.
Impressions Games estudioak 1999. urtean Sierra Studios-ekin batera merkaturatutako bideojokoaren berregitearen aurrean gaude, beraz. Jatorrizko lanaren mekanika guztiak mantenduko ditu oraingoan Dotemu argitaletxe frantsesak argitaratuko duen tituluak: Antzinako Egiptoko hiriak eraikitzeari eta kudeatzeari ekingo diogu berriz, horrela gure erresuma oparotsuak gora egin dezan.
Horretarako, gure herritarren kultur, osasun nahiz hezkuntza mailak zein hiriko merkataritza edo nekazaritza hobetzeaz arduratu beharko gara, besteak beste.
A New Eraren berrikuntzen artean interfaze zaharberritua eta eguneratutako mekanikak nabarmen daitezke. 4K bereizmenean jokatu ahalko dugu, noski. Hala eta guztiz ere, lan originalaren 2D estetika mantentzea erabaki dute garatzaileek: sprite ederrak zein erraldoiak ikusiko ditugu remakean. Atal grafiko eraberritua argi eta garbi ikus daiteke hurrengo bideoan:
Eduki gehigarriekin iritsiko da, gainera: 2000. urteko Cleopatra: Queen of the Nile espantsioaren mapa, misioak eta editorea dakartza berregiteak.
Esan bezala, otsailaren 15etik aurrera jokatu ahalko dugu Pharaoh: A New Erara. PC-rako estreinatuko da esklusiboki: Steam saltokitik eros daiteke.
Iruzkinak