Spina Studio-k Resident Evil klasikoen atal grafikoa eta girotzea hartu ditu esplorazioa, puzzleak eta ikarak batzeko.
Phase Zero aurkeztu du Spina Studio indie taldeak. Survival horror abenturen erroetara joko duen titulu berezia trailer itxurosoaren bidez ezagutzera eman du.
Agerikoa den modura, Resident Evil originalen atal estetikoa zein jokagarritasuna izan dituzte inspirazio iturritzat. PlayStation 1 kontsolako muga grafikoek irudimena askatzeko eta are girotze beldurgarriagoa eratzeko balio izan dute berriz, modu horretara.
1994. urteko Flint Peak izeneko herrixka ezagutuko dugu Phase Zeron. RE zaharretan gertatu modura, bi protagonistaren artean hautatuko dugu amesgaiztoa hasi aurretik: May kazetaria edo Guy ingeniaria kontrolatuko ditugu.
Aurrez renderizatutako ingurugiroak 3D pertsonaiei eta munstroei batuko zaie, nola ez, tanke kontrolekin eta angelu finkodun ikuspegiekin. Aurretik gizakiak izandako izaki mutanteen aurka egingo dugu, baina, kontuz: askotan ihes egitea aproposagoa izan baitaiteke… Tiroketen artean gure inbentarioa kudeatzea eta aurrera egin ahal izateko puzzleak gainditzea ezinbestekoa izango zaigu.
Nahiz eta Spinaren lehen bideojokoa den, itxura ikaragarria dauka, eta Superhot Team taldekoak ere konturatu dira horretaz; izan ere, Superhot Presents izeneko dirulaguntza jaso du beldurrezko bideojokoak garapena finantzatzeko.
Gore mordoa, sekretu ilunak eta retro girotzea agintzen ditu, hortaz, Phase Zerok. Oraindik ez dauka argitaratze datarik, tamalez: Spinak “laster” kaleratu nahiko luke. Zorionez, probatu ahal izateko demoa jasoko dugu datozen asteetan. PCrako baino ez dute iragarri, oraingoz.
Iruzkinak