Microsoft-ek 68.700 milioi dolarrengatik erosi du Activision Blizzard: honen lizentziekin gertatuko denaren zain daude bideojokalariak.
Ezustekoz, polemikaz eta zalantzaz betetako astea bizitzen ari dira bideo-jokoen zaleak. Asteko eta urteko albistea izan da: Microsoftek Activision Blizzard erosi du. Xbox-ek honen jokoen esklusibotasuna izango duen galdetzen dute askok. Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusia Call of Dutyren eta PlayStationen inguruan mintzatu da, “orain arteko akordio guztiak berresteko” asmoa agertuz.
Spencerrek txio baten bidez azaldu du Sony-ko arduradunekin bizitako bilera batean esandakoa. “Sonyko buruekin dei onak eduki ditut asteon. Activision Blizzard bereganatu ondoren orain arteko akordio guztiak berresteko eta Call of Duty PlayStation-en mantentzeko asmoa baieztatu dut”, azpimarratu du.
PlayStationekin duten harremana “baloratzen” dutela aldarrikatuta, “Sony industriako atal garrantzitsua” dela nabarmendu du baita Xboxeko buruak.
Adierazpen hauek erosketa iragartzerakoan Xbox Blog-ean egindakoei gehitzen zaizkie. Bertan Spencerrek aipatu zuenez, “Activision Blizzarden bideo-jokoetara plataforma kopuru handi batean aritu daiteke, eta horietako komunitateak babesten jarraitzeko asmoa dugu”.
Noski, guzti honek ez du baieztatzen esklusibotasunei uko egingo dietela; are gehiago, Bethesda erosita, bere obrarik handienak Xboxeko eta PC-ko esklusiboetan bilakatu dira: hurrengo Starfield, adibidez, ez da PlayStation kontsoletan argitaratuko.
Ikusteko dago beraz egungo akordio horiek bukatzerakoan gertatuko dena.
Iruzkinak