Xbox Series Sren salmentek Series Xrenak gaindituko dituela uste du Xboxeko arduradun nagusiak.
GameReactor webguneak Phil Spencerri egindako elkarrizketa batean Xboxek etorkizunera begira izango duen estrategiari buruz mintzatu da markako nagusia.
Xbox Series X eta S kontsolak argitaratzeko aste pare baten faltan, Microsoften estudioen aldetik jokalari bakarrarentzako bideojoko gehiago ikusi nahi dituela azaldu du Spencerrek. "Erakunde bezala multijokalari jokoetara zuzendutako hazkunde organikoa" eduki dutela adierazi du, eta horren ondorioz "first-party garatzaileengandik jokalari bakarrari zuzendutako lan gehiago" sortzea bilatuko du Xboxeko buruak. Hori lortuta "era guztietako jokoen katalogoa" eratu nahi du belaunaldi berrira begira.
Izan ere, Microsoft Studios osatzen duten garatzaileen sormen gaitasuna baztertzen aritu direla uste du Spencerrek: "behar dena baino gutxiago inbertitu izan dugu". Horregatik epe laburrera begirako negozio ereduan ardaztuz bukatu dutela dio. Halere, bideojokoen produkzioak "denbora luzea" daramanez, gutxi inbertituz gero "lehen edo bi urteetan etekinik ikusi gabe" geratzeko arriskua nabarmendu du. "Datozen hiru edo lau urteetara begiratu behar duzu. Lar gutxi inbertitzen aritu garela uste dut".
Guzti hori argi izanik, etorkizunean adin guztietako jokalariengana iristeko helburua dauka Spencerrek. Hori lortzeko eduki kasualagoak sortzeko apustua egin nahi dute Xboxetik. Aldi berean Xboxeko bideojokoak PCan argitaratzeko erabakia horri jarraituz doala dio arduradun nagusiak: "gure kontsolentzako iristezinak diren jokalari asko batzen dira PCan".
Nola ez, Game Passa ere aipatu du elkarrizketan. Zerbitzua indartzen jarraitzeko asmoa erakutsi du, Game Passa haziz doan heinean eduki sortzaile gehiago gaineratuz zerbitzura.
Azkenik, Bethesdaren erosketari buruzko zehaztapenak eman ditu Spencerrek: "Zenimax oraindik ez dugula erosi argitu nahi dut. Zenimax erosteko asmoa dugula iragarri dugu soilik". Horren ondorioz Bethesdarekin partekatuko duten etorkizunari buruz hitz egitea ezinezkoa dela aldarrikatu du. Erosketa aurrera eramateko prozesuarekin dabiltzala zehaztu du Xboxek arduradunak, eta dauzkaten aurreikuspen guztiak zuzenak badira "2021eko lehen hilabeteetan tratua ixtea" espero dute.
Kontsola merkeena, arrakastatsuena
Kotakuri eskainitako beste elkarrizketa batean azaldu duenez, Xbox Series Sk bere anai nagusiak baino salmenta hobeak lortuko dituela uste du Phil Spencerrek. “Epe luzera prezioa faktore erabakigarria” izango dela dio.
Azaroaren 10ean jarriko dira salgai bi kontsolak. Xbox Series X 499 eurotara salduko da; Series Sk berriz, 200 euro gutxiago balioko ditu, 299 eurotara merkaturatuko baita. Elkarrizketan adierazi duenez, “lehen egunetan Series Xk salmenta hobeak” edukiko dituela uste du Xboxeko arduradunak.
Halere, luzetara kontsola merkeagoak jende gehiago erakarriko duela pentsatzen du. “Gure aurreikuspenen arabera belaunaldiak aurrera egin ahala prezioak edukiko du benetako garrantzia, eta Series S gehiago saltzen ikusiko dugu horregatik”.
Gabonetara begira salmentak fabrikatutako eta banatutako kontsola kopuruari estu lotuta egongo direla dio. “Saltokietan banatuko ditugun kontsola guztiak salduko ditugula uste dut”. Izan ere, eskariak eskaintza gaindituko duela aldarrikatu du Spencerrek, eta bai Xbox zein Playstationen salmenten kasuan banaketa eta fabrikazio katearen menpean geratuko direla.
Iruzkinak