PlayStation 4, Xbox One eta Switch kontsoletarako bertsioa guztiz euskaratuta merkaturatuko dute. PC-rako bertsioa dagoeneko eskuragarri dago Steam bidez.
Seed by Seed Angulemako indie estudioak martxoan argitaratu zuen Pile Up! Box by Box dibertigarria PCan. Kontsoletarako bertsioa ere aurreikusita zeukaten, eta azkenik Handy Games banatzaileak argitaratze data zehaztea erabaki du: abuztuaren 17an estreinatuko dute puzzle eta plataforma joko koloretsua PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan.
Kartoiarekin osatutako mundu ederra esploratzea izango da familia eta adiskide taldeei zuzendutako hiru dimentsiotako plataforma abentura honen helburu nagusia. Hori horrela, elkarlana da obraren ardatza: lau jokalari elkarrekin aritu daitezke puzzleak eta erronkak gainditzen abentura osoan zehar. “Helburu berbera lortzeko taldeak antolatzeko duen gaitasuna” izango da aurrera egiteko gakoa, norbere iaiotasun maila alboratuta.
Kooperatiboaz gain lagun arteko desafioentzako gunea ere egongo da, baina. Abentura nagusiarekin batera Boxball, Pile of Dunk edota Tic Pile Toe bezalako minijokoetara aritu daiteke Pile Up-en.
Angulemako garatzaileen ustez bideo-jokoak “pertsonen artean loturak sortzeko” eta “elkarri laguntzen ikasteko bide aparta dira”. Horretarako biolentziarik gabeko obra eratu dute, non ez dagoen game over pantailarik eta beste inor akatzeko beharrik.
Lagun artean euskaraz
Pile Up! Box by Box euskara hutsean jokatu daiteke. Estudioko kideen artean aurkitzen da Anize Amestoy euskalduna: soinu banda eta efektuak sortzeko lana edukitzeaz gain, abentura euskaratzeaz arduratu da Mario + Rabbids: Kingdom Battle, Watch Dogs: Legion edota Ghost Recon Breakpoint bezalako bideo-jokoetan parte hartu duen garatzailea.
Euskaraz gozatzeko menuan hizkuntza aldatzea baino ez dago. Kontsoletan ez bakarrik, gauza bera egin daiteke Steam bidez erosi daitekeen PCrako bertsioan.
Iruzkinak