Jokalarien arteko elkarlana ezinbestekoa izango da Pile Up! abentura koloretsuan aurrera egiteko.
Seed by Seedeko garatzaileak atal grafiko koloretsu eta atsegina, plataformak eta elkarlana batuko dituen Pile Up! abentura prestatzen ari dira. Jakitera eman dutenez, bideo-jokoa euskaratuta iritsiko da PC, PlayStation 4, Xbox One eta Nintendo Switch plataformetara.
Familia eta adiskide taldeei zuzendutako hiru dimentsioko plataforma abentura honetan jokalariek kartoiarekin osatutako mundua esploratu beharko dute. Aurrera egiteko elkarren gainean saltoka aritu eta bideak osatzeko era guztietako objektuak erabili beharko dituzte. Puzzle desberdinak, era guztietako minijoko xelebreak eta bestelakoak aurkituko dituzte abenturan aurrera egin ahala. Lau jokalari batera aritu ahalko dira.
Garatzaileek adierazi dutenez elkarlana izango da obraren muina: “mekanika nagusi zein multijokalari aldetik Pile Upen ardatzak elkarlana eta komunikazioa izango dira”. Hori horrela, jokoa gainditu ahal izateko aurre egin beharreko erronka ez da jokalariek aginteekin daukaten abilezia mailan oinarrituko, “helburu berbera lortzeko taldeak antolatzeko duen gaitasunean” baizik.
Izan ere, Seed by Seedekoek haurrei zuzendutako joko kooperatiboen beharra nabarmentzen dute. Estudioaren ustez bideo-jokoak “pertsonen artean loturak sortzeko” eta “elkarri laguntzen ikasteko bide aparta dira”. Pile Up jokalariak “modu seguru batean espresatzeko biolentziarik gabeko gunea” dela nabarmentzen dute, “askatasunez esperimentatzeko eta sortzeko”.
Pile Upek ez dauka argitaratze datarik, baina garatzaileek “laster” kaleratuko dutela agindu dute. Esan bezala, PC eta kontsoletan estreinatuko da; azken horietan merkaturatzeko Handy Games banatzailearekin elkarlanean ari dira. PCan Steam eta Itch.io saltoki digitalen bidez eskuratu ahalko da. Doako demoa ere frogatu daiteke horietan.
Estudioaren lehen bideojokoa
Seed by Seed ikasle talde batek hasitako proiektu bezala jaiotako estudioa da. Zortzi pertsonek osatzen dute taldea: sei Angulemako estudioan ari dira lanean gaur egun, eta gainerako biek Paristik egiten dute lan.
Pile Upen garapenean hainbat sari jaso dituzte. Horien artean Hanburgon egindako Play19 2019 ekimeneko joko hasiberri berriztatzaileenarena edota Renneseko Stunfest 2019ko argitaratzeke dagoen jokorik onenaren sariak jaso ditu bideo-jokoak.
Iruzkinak