2D pixel art ederrarekin borrokak, esplorazioa eta umore mordoa agintzen ditu Pocket Trap indie taldearen lanak. PlayStation, Nintendo eta PC gailuetan ikusiko dugu.

Pipistrello and the Cursed Yoyo indie bideojokoaren argitalpen data jakinarazi du PM Studios argitaletxeak. Yoyovania terminoarekin bataiatu duten abentura maiatzaren 28an plazaratuko du Pocket Trap estudioak.

Pippit saguan bilakatuko gara mafiosoen arteko istiluetan murgiltzeko. Gure Pipistrello familia garaitu dute gainerako mafisioek, baina, yoyo magiko baten laguntzarekin, hiria bereganatzeari ekingo diogu.

Xehetasunez betetako hiri handia da, beraz, kokaleku nagusia: girotze desberdina daukaten barrutien banatuta egongo da, bakoitza bere pertsonaiekin, erronkekin eta sekretuekin. 1.000 gelaxka agintzen dituzte. The Legend of Zelda klasikoak gogora ekartzen dituen ikuspegi isometrikoarekin puzzleak, borrokak eta umorez betetako hizketaldiak biziko ditugu.

Gure yo-yoa hobetzeko zein abilezia berriak eskuratzeko ahalmenarekin, are eta gune gehiagotara iristeko baliabideak lortzen joango gara abenturan aurrera egin ahala: jauziak, eraso bereziak zein bestelako mugimenduak bilduko ditu Pippitek, baina altxorren nahiz etsaien dirua bereganatu beharko dugu erosketetan aritzeko.

Dueluek pisu nabarmena edukiko dute, gainera: borrokarako denetariko iaiotasunak erabiliko ditugu, eta etsai nagusien aurkako norgehiagoka handiak egongo direnez, hauek menperatzea ezinbestekoa izango da.

Tituluak Nintendoren Game Boy Advance 32 bits-eko kontsola eramangarrian hainbat jokotan ikusitako atal estetikoa hartzen du inspirazio iturritzat. Pixel art koloretsu bezain ederra prestatu dute egileek, gozatzekoa.

PlayStation 5, PlayStation 4, Nintendo Switch —eta, suposatzen dugunez, Switch 2— kontsoletan zein PCan merkaturatuko dute Pipistrello and the Cursed Yoyo, esan bezala, maiatzaren 28an. Proposamenak erakarri bagaitu, doako demoa probatzeko aukera dago: plataforma bakoitzaren saltoki digitalean aurkituko dugu.