Gothic edo Risen sagen egileak Embracer Group erraldoiaren aterpean zeuden lanean.

Piranha Bytes taldea itxi egin dute, CD Action agerkariaren arabera, 20 urteko ibilbidearen ondoren. Ekainean desagertu zirela diote webgunean argitaratutako testuan.

Estudio alemana Gothic eta Risen bezalako RPG jokoengatik zen ezaguna. Azken jokoak Elex sagakoak dira: 2022. urtean Elex II kaleratu zuten PCan zein kontsoletan.

Ateak itxi aurretik fantasia iluneko RPG berrian lan egiten zebiltzala diote iturri desberdinek. Gothic estiloko abentura garatzeko asmoa zeukatela aipatzen da, Unreal Engine 5 garapen motorea erabilita.

Taldea independentea izanez jaio zen, baina 2019an THQ Nordic enpresak bereganatu zuen; hau da, Embracer Group erraldoiaren aterpean zegoen. Azken hilabeteetan hainbat kaleratze eta itxiera —4.500 langile eta 80 proiektu inguru— ikusi ditugu Embracerrekoen aldetik, baita berregituraketa osoa ere: Piranharena horietako bat izango litzateke.

Hala ere, iturriek diotenez, ziurrenik ez dugu itxieraren prentsa ohar ofizialik ikusiko; horren ordez, isilpean desagertuko direla dirudi.

 

Gothic, bizirik

Zorionez ala zoritxarrez, Piranha Bytesen jokorik maitatuenak bizirik jarraitzen du. THQ Nordicek Gothicen lizentziak ere bereganatu zituen estudioa erosterakoan, eta honen berregitea egiteko ardura eman zion Bartzelonako Alkimia Interactive ezezagunari.

2019an aurrerapen demo txikia kaleratu zuten, zaleen begirada guztiak erakarriz. Ordutik hona lanean dihardute; antza denez, Piranha Bytesko hainbat langile proiektuan buru belarri dabiltza gaur egun. Azken bideoa iaz ikusi genuen, THQ Nordic Digital Showcase aurkezpenean.