Tour de Pizza indie estudioak bost urteko garapenaren ostean kaleratu du Steam saltokian.
Pizza Tower kaleratu duela iragarri du Tour de Pizza estudioak. Lan independente zoro zein bitxi horietakoa da. Nintendo-ren Wario Land frankizia inspirazio iturritzat hartzen du; aldi berean, 90eko hamarkadako animazio telesailetan oinarritutako atal estetikoa aurkezten du, Ren and Stimpy bezalakoak gogora ekarrita.
Modu horretara, pixel art berezia dauka jokoak: Peppino Spaghetti —bai, bai badakit— izeneko sukaldaria mugitzen ikustea gozamen hutsa da, batez ere denetariko transformazioak eta aldaketak jasaten dituenean.
Bere jatetxea suntsipenetik salbatzeko asmoz hasiko duen bidaian lagundu beharko diogu, mapa labirintikoak zeharkatuz saltoka eta puzzleak gainditzen gabiltzala. Esan bezala, Warioren plataforma jokoetako mekanikak eta diseinua bereganatzen ditu: zehazki, laugarren ataleko mugimendu sorta zabala eta bigarreneko puzzleen sistema batzen ditu.
Tour de Pizza indie estudioaren lanean jokoari izena jartzen dion pizza dorreko bost solairuak igo beharko ditugu; bakoitzean hainbat maila daude, eta, nola ez, buruzagi zitalen aurka ere ariko gara. Misio bakoitza gainditu aurretik, baina, maila suntsitu beharko dugu: hori egiterakoan lasterka helmugara itzuli beharko gara, Wario Land 4ko ihesaldi zirraragarrietan egin modura.
Mailetan helmugara iritsita aurrera egin dezakegu, baina askotariko sekretuak biltzen dituzte dorretxeko kokalekuek. Salbatzeko osagaiak, bonus gelak eta gune misteriotsuak ikusiko ditugu Peppinoren abenturetan.
Puzzleak gainditzeko transformazioak ezinbestekoak izango dira: su hartzeaz, burbuiletan sartzeaz gain zaldunen armadurak jantziko ditugu, beste hainbat erokeriren artean.
Bost urteko garapenaren ostean merkaturatuko du bideojokoa Tour de Pizzak. Tarte horretan jokalarien interesa pizteko zenbait demo kaleratu ditu, zale porrokatuen taldetxoa sortzea lortuz. Behin betiko bertsioaren lehen iritziak bikainak dira Steamen: balorazio maila “erabat positiboa” dauka une honetan.
Hori horrela, momentuz PC-an soilik eros daiteke Pizza Tower; garatzaileek ez dute kontsoletara eramateko aukerarik aipatu oraindik.
Iruzkinak