Hello Gamesen lanaren jokalariek elkarren artean jokatu ahal dute, erabiltzen duten plataforma edozein izanda ere.
Abentura espazialen zaleek 2016ko No Man’s Skyra itzultzeko aitzakia ederra dute beste behin. Plataformen arteko jokoa eguneraketa baten bidez ahalbidetu du ezustean Hello Games garatzaileak.
Modu horretara PCko, Playstation 4ko eta Xbox Oneko jokalariek batera jokatu ahal dute, jokatzen plataforma edozein izanda ere. Eguneraketa prestatzerakoan “lan izugarria” egin dutela adierazi dute garatzaileek. “Hiru plataformetako erabiltzaileek batera esploratu, bidaiatu, biziraun, eraiki eta trukatu ahalko dute”.
Eguneraketak crossplaya ez ezik, era guztietako hobekuntzak eta berritasunak ekarri ditu. Ahots bidezko txatarentzako irisgarritasunaren aukerak hobetu dituzte eta errealitate birtualeko akatsak zuzendu, beste hainbat zuzenketen artean.
Windows 10erako bertsioa eta Game Passa
No Man’s Sky Microsoften PCko Xbox Storean eskuragarri jarri dute. Ez hori bakarrik, bideojokoa Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren barne dago.
Horrela, Game Passaren harpidedun diren guztiek Hello Gamesen abenturara jokatu ahal dute. Jokalarien kopurua asko handituko dela espero dutenez, crossplaya ahalbideratzearekin batera gehitu dute zerbitzura. Hello Gamesek “jokoaren komunitatea Game Passak ekarriko dituen erabiltzaile berriekin indartzea” espero dute.
No Man’s Sky ez da azken egunotan plataformen arteko jokoa gehitu duen obra bakarra. Need for Speed Heat crossplaya ahalbideratu duen Electronic Artsen lehen bideojokoa da.
Iruzkinak