Iragarpena Platinum 4 izeneko proiektuaren barnean kokatuta egon daiteke.
Ryokutya2089 webguneak filtratu duenez, Famitsu aldizkari japoniarrak otsailaren 27an argitaratuko duen aleak Platinum Games sortzailearen “iragarpen garrantzitsua” ekarriko du barnean.
Iragarpenak Platinumen proiektu berriarekin zerikusia izan dezake. Otsailaren hasieran Platinumek webgune berria ireki zuen, Platinum 4 izenarekin. Webguneak sortzailearen hurrengo lau bideojokoak biltzen dituen proiektuari hasiera eman zion.
Egitasmoaren barnean iragarritako lehen bideojokoa The Wonderful 101 Remastered izan zen. Kickstarter bidez finantzatzeko laguntza eskatu zuen Platinumek hilaren hasieran; dagoeneko 1.550.000 euro baino gehiago lortu dituzte, eta jokoa Nintendo Switch, PC eta PS4an argitaratuko dute.
Ikusteko dago iragarpen berriak bide berbera jarraituko duen edo ez. Platinumetik adierazi zutenez, ez dute crowdfunding bidezko kanpaina gehiago egiteko asmorik.
Izan ere, urtarrilean sortzaile japoniarrak Tencent txinatar enpresa multinazionalaren diru kopuru bat jaso zuen. Platinumekoek argi esan zuten “Tencentek egindako inbertsioak ez duela estudioaren askatasunean eraginik izango”. Hala ere, ikusteko dago jasotako dirua Platinum 4era bideratuta dagoen edo proiektu berriak aurrera eramateko erabiliko duten.
Iruzkinak